Gabonak

Korrikalari mordoa erakarri du jai giroan ospaturiko Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketak

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Belaunaldien arteko lasterketa bizia izan da urte amaiera honetan ospatu dena herri erdigunean barrena. Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa jai giroan ospatu da.

Bazen gogoa lasterketarako, festarako eta biak uztartuta, herriko dendariei babesa adierazteko. Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketarekin agurtu du herri honek, beste behin, badoakigun 2025. urtea. Banaka, binaka, familian, lagunartean... Nahieran atera dira lasterka Usurbilgo herri merkataritzaren erdiguneari bi itzuli eman dizkieten herrikideak.

Haur, gazte nahiz heldu bizi asko aritu da korrika, herri aldapatsua dugula jakin arren. Festarako gogoz ziren denak eta asko mozorrotuta. Nahieran, aipatu moduan, baina denak herri merkataritzari babesa ematen aritu dira korrika urte amaiera honetan.

Ziztu bizian hasi eta amaitu da lasterketa. Izan da ekimena abiatu den uneak oharkabean harrapatu duenik. Baina ez zegoen lehiarik gaurkoan. Gaurkoan, helmuga baino bidea bera zen garrantzitsuena eta bidea inguraturiko herri merkataritza. 2026an ere denon babesa jasotzeko beharrean segiko duena.