Gabonak

Dendariek saritan eskertu dituzte Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketako parte hartzaileak

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Saritu mordoa izan da Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketaren amaieran. Hurbilago elkarteko dendariek haien esker ona adierazi nahi izan diete ekimenean parte hartu eta herri merkataritzari eta ostalaritzari agertutako babesagatik.

Usurbilen bizitzeak eta erosteak saria izaten du sarritan, urtean zehar, Hurbilago elkarteak gogorarazi ohi digunez. Eskertza hori tamainaz handitzen da, ordea, urteko azken egun hau heltzean.

Hizki larriz, esker ona adierazi nahi izaten diete herriko dendariek, Hurbilago elkarteak antolaturiko San Silbestre Herri Lasterketan parte hartu ohi dutenei. Urtea, herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka egiteko ahalegina saritu nahi izaten dute. Eta nola, gainera.

Oparo joan da zozketa
35 bat sari zozketatu ditu Hurbilagok gaurko lasterketarako, aurrez (hilaren 26ra arte telematikoki nahiz gaur bertan frontoian presentzialki) izena emana zutenen artean. Otarrak edota herriko dendetan erosketak egiteko Hurbilagoren irudi, aldarri eta kolorea daramaten orgak oparitu dituzte parte hartzaile helduenen artean.

12 urtera artekoen eta 15-17 urte arteko haur eta gazteen artean 13 sari, kirola egiteko hainbat material tartean. Amaierarako utzi dituzte bi sari bereziak. Batetik, mozorro onena janzteagatik bi lagunentzako otorduarekin saritu dute ondoko irudiko argazkia eta bizikleta eder batekin, 15-17 urte arteko parte hartzaileetako bat.

Hortxe dendarien esker ona lasterkariei eta, oro har, herri merkataritza babesteko keinua egin ohi dutenei. 2026an harreman hau, herritarren eta dendarien arteko hartuemana estutzeko deia egin dute beste behin, gaurko lasterketan.