Bilboko manifestaziora joateko dei eginez amaitu du Sarek urteko azken elkarretaratzea

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Urteko azken mobilizazioa egin du Usurbilgo Sarek asteazken iluntze honetan, abenduaren 31n, Mikel Laboa plazan. Hilaren 10eko Bilboko manifestaziora joateko deia egin diete usurbildarrei.

Deitzaileek gogorarazi duten moduan, gaurkoa ez da ohi bezala, hileroko azken ostirala izan, asteazkena baizik, baina egun seinalatua mobilizatzeko, bai urte amaiera delako baita urte hasieran Bilbon antolatua duten manifestazio aurreko azken elkarretaratzea zelako.

"Ezin da gehiago luzatu" aldarripean mobilizatu da Sare, azken aldiz, aurten, asteazken iluntze honetan 19:00etan Mikel Laboa plazan.

"Elkarbizitzari ateak ireki nahi dizkiogu"
Urte amaiera, itxieraren sinonimo izatea sustatzen da hainbat arlotan, baina elkarretaratze honetan gogorarazi dutenez, "hemen bildu garenok badugu itxi ezin dugun zerbait. Hemen bildu garenok nahiko genuke zerbait hasi, zerbait ireki. Baina berria hasteko, zaharra bukatu eta itxi egin behar da".

Argi adierazi dute beste behin; "bukatu nahi dugu sufrimenduarekin. Bada garaia. Garaia da. Presoak etxean, presoak kalean nahi ditugu. Nahiko ordaindu dute. Nahiko eta gehiegi".

Horregatik, Mikel Laboa plazan bildutakoak aintzakotzat hartuta adierazi dute, "badago hemen bildu garen gazte, zahar eta heldu lotzen gaituen zerbait: arbitrarietatearekin eta injustiziarekin bukatu nahi dugu. Elkarbizitzari ateak ireki nahi dizkiogu".

"Etxean nahi eta behar ditugulako"
Sarek urtarrilaren 10ean Bilbon antolatua duen manifestazio nazionalera begira jarri dira. "Legeak egiteko edo legeak betearazteko indar asko behar da. Urteetan gure desioak, nahiak, haserreak, pozak, mobilizazioak, elkartasuna... aldaketen motorrak izan dira. Horiei esker lorpenak bideratu dira. Indar horiek honaino ekarri gaituzte. Indar horiek Bilboraino eramango gaituzte".

Bizkaiko hiriburuan Sarek deitutako mobilizazioan, "Bilboko kaleek, Bilboko deiadarrek, Bilboko milaka borondateek eraman ditzatela arduradunak legeak betetzera, justizia egitera, presoak, deportatuak eta erbesteratuak etxera ekartzera. Etxea merezi, nahi eta behar dutelako".

Hilaren 10ean usurbildarrak Bilbora joatera gonbidatu ditu Sarek, "etxean nahi eta behar ditugulako".

Manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Sarek. Ohiko tabernetan bideratu ahalko da izen-ematea mobilizazio egun horren aurretik.

Sareren hurrengo deialdiak
Urtarrilaren 10a baino lehen
Sarek hilaren 10ean Bilbon deitutako manifestaziorako autobus zerbitzuan izen-ematea ohiko tabernetan.

Urtarrilak 10, larunbata
15:00 Autobus zerbitzua Oiardo kiroldegi paretik, Sarek Bilbon deitutako manifestaziora.
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza" aldarripean. Hara joateko autobus zerbitzuan izen-ematea aldez aurretik, ohiko tokietan.

Urtarrilak 30, ostirala
20:00 Sarek deitutako elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Sare.