2026ra begira

Astebete barru, urteko eta Kulturaldiaren atariko lehen aldizkaria

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 2a

Urtarrilaren 9an plazaratuko dugu lehen aldizkaria. Kultur elkarteari dagokionean, adi, hilabete honetan bertan izango dugu eta Kulturaldia.

Abenduaren 19an plazaratu genuen 2025. urteko azken aldizkaria. Ohi baino argitalpen mardulagoa izan zen 1058. zenbakia. Izan ere, gabonetako gehigarriarekin eta 2026ko egutegiarekin batera jaso zenuten zuen postontzietan. Hurrengo bi asteotan, hilaren 26an, nahiz ostiral honetan, urtarrilaren 2an ere ez da astekaririk izango.

Bi asteko etenaldiaren ondotik, hilaren 9an plazaratuko dugu hurrengo eta, honenbestez, estreinatu berri dugun 2026. urteko lehen NOAUA! zuen postontzietan. 1059. zenbakirako oharrik izanez gero, ostiral hau duzue ohiko bideotatik helarazteko azken eguna:  943 360 321 telefono zenbakiaren nahiz elkartea@noaua.eus helbidera email bat bidalita.

Kulturaldira begira
Gogoan izan, kultur elkarte honetako bazkide izateko aukera duzue. Hartara, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.

Udazkeneko euskarazko film berrienen zikloa eskaini, publizitatea jartzen duzuenon nahiz bazkideon artean esker ona adierazteko otarrak zozketatu edota abenduan ospaturiko San Tomas azokarekin amaitu genuen 2025a.

Adi, urte berriari Kulturaldiarekin ekingo diogu. Urtarrilean izango dugu aurten ere NOAUA! K.E.-ren kultur zikloa. Urtarrilaren 24an hasi eta otsailaren 1ean borobilduko dugu. Ohi bezala, askotariko arte diziplinak tartekatuko dira ziklo horretan zehar: Dejabu antzerki konpainiaren “Itzulera” emanaldia, “Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako” dokumentala, Izaki Gardenak taldekoen kontzertua, Ugaitz Agirreren “Bihotzeko fonoteka” ipuin kontaketa musikatua, eta, azkenik, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan ondutako “Frankopoleon” antzezlana. Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ko bazkideek merkeago kultur elkartearen egoitzan bertan.