Abenduaren 19ko asteburuaz geroztik, oporraldi betean diren haur eta gaztetxoek badute zer eginik oraindik, hurrengo astean ikasgeletara itzuli aurretik. Hitzorduotako bat asteburu osora luzatuko da. Izan ere, irudiotan ikus dezakezuen moduan, zabalik du jada Usurbilgo Udalak Oiardo kiroldegian kokatutako Gabonetako Haur Parkea.
Ostiral goiz honetan, urtarrilaren 2an ireki dute goizeko 11:00etan. Irekita berritan jada lehen bisitariak hartu ditu parkeak. Hainbat puzgarri dituzte jauzika ibiltzeko, eskulanetarako tailerrak ere bai edota futbolinean aritzeko moduko jolasak.
Igande iluntzera arte, hilaren 4ra arte zabalik izango da Gabonetako Haur Parkea Oiardo kiroldegian, goizez eta arratsaldez; guztira, egunero bost orduz.
2-12 urte artekoei zuzenduriko eskaintza zabalean, puzgarriak, tailerrak eta bestelako hainbat jokoetan aritzeko aukera ederra izango da gaurtik igandera, lagunarte nahiz familia giroan.
Gabonetako parkea
Egunak: urtarrilak 2, 3 eta 4.
Ordutegia: 11:00-13:00 / 16:30-19:30.
Nori zuzendua: 2-12 urte arteko gaztetxoei.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.