Hotzaldia larunbat gauetik aurrera, zeroz azpiko tenperaturarekin

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 2a

-2 graduko tenperatura izan dezakegu igande goizaldean, -3koa astelehenean, Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez. Horrez gain, tenperatura horrekin egin dezakeen prezipitazio urria elurretan egin dezake behe samarrean.

Negu betean egonik, egokitzen dena datorkigu egunotan, hotzaldia. Euskalmet meteorologia agentzia iragartzen ari denez, bereziki larunbat gauetik aurrera nabarmenduko da. Izan ere, urtarrilaren 3tik 4rako gau eta goizaldean zeroz azpiko tenperatura izan dezakegu, -2 gradukoa, eta iragarpena aldatzen ez bada, -3koa astelehenean.

Momentuz, abisu hori bakarra jarri dute elurragatik Gipuzkoa barnealdean larunbat arratsaldeko 18:00etan hasi eta igande goizaldeko 6:00ak arte. Izan ere, tenperatura horrekin bazterrak zuritzeko eta beherago zuritzeko probabilitatea handitu daiteke. Larunbatean, hilaren 3an, 1.000 metrotan egin dezake elurra, gauean 700 metrotan, "ekialdean beherago" ere egin dezake. Zentimetro bakarreko lodieran zuritu dezake 600  metrotan. Egiten badu ere gutxi egingo omen du.

Ildo beretik esnatuko zaigu igandea, hilaren 4a ere. "Elur-kota egunaren lehen partean 500-600 m inguruan egon daiteke. Han-hemenka eta noizean behin prezipitazio txikia egin dezake", ohartarazi du Euskalmet-ek. Beraz, zertxobait egin dezake Andatza gainean.

Astebururako iragarpena
Giro honekin, ostiral honetan, urtarrilaren 2an, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da eta goizean oso hodeitsu geratuko da. Noizbehinka euri txikia egingo du, probabilitate handiagoarekin eguerditik aurrera; gauean zenbait tokitan euri ertaina egingo du. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean ipar/ipar-ekialdera aldatu eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura maximoek berdin jarraituko dute edo gutxi igoko dira".

Larunbatean, hilaren 3an, "zerua oso hodeitsu egongo da. Egunaren lehen partean prezipitazio txiki-ertaina egingo du; egunaren bigarren partean han-hemenka eta noizbehinka prezipitazio txikia egingo du. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira; egunaren amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Igandean, hilaren 4an, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da. Izotz txikia egin dezake".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue noiznahi.