Sartu gara urte berrian. 2026ko lehen hilabeteak asteotako negu hasierako ospakizunen ziklo amaiera dakar, igandera arte Oiardo kiroldegian zabalik izango den Usurbilgo Udalaren gabonetako haur parkearekin edota biharamunean, astelehenean erregeei egingo zaien harrerarekin.
Hortik aurrera, oporraldia amaituko zaie askori, egunerokora itzultzeko unea helduko da. Urtero gertatu moduan, nabarmen murriztuko da hitzorduen eskaintza 2026ko lehen asteotan, baina etenaldirik ez da izango. Gaurkoz, zehaztua dagoen eskaintzari dagokionean, negu partean Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin lankidetzan antolaturiko film proiekzioa izango da Sutegin hilaren 11n.
Bezperan, Sarek antolaturiko manifestazio nazionala Bilbon. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Sarek. Aurrez eman ahalko da izena ohiko tabernetan. Hilero moduan, gero, urtarrileko azken ostiralean deituko du Sarek ohiko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Emanaldi bana hirugarren asteburuan
Izen-emateez ari garela, datorren astetik aurrera izango dituzue eskuragarri urtarrilean zehar izango diren gainerako ekitaldietarako gonbidapen eta sarrerak. Izan ere, urtarrileko hirugarren astebururako, hitzordu bana deitu dute Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean eta Sutegin. Pelaioenean, "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" poesia, performanzea eta umorea nahasten dituen emanaldia eskainiko du Infinitudrama konpainiak.
Sutegin, bestalde, hilaren 18an TikTara musika taldeak "Ubera" egitasmoa aurkeztuko du. "Proiektuak bidaia musikala egiten du, kultura askoren ekarpenarekin Hego Amerikako kultura nola sortu den azaltzeko asmoz, baina, batez ere, euskal kultura hegoamerikar kulturaren ekarpenarekin nola aberastu den ulertzeko".
NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia
Asteburu horren ondotik, hilabete honetako kultur ziklo nagusiaren txanda izango da. Izan ere, garai batean azaroan egiten zuen NOAUA! K.E.-k bere eskaintza, baina 2024an urtarrilera aurreratzea erabaki zuen kultur elkarte honek. Ordutik, urte hasieran antolatzen du askotariko sorkuntza diziplinak uztartzen dituen Kulturaldia. Honenbestez, hirugarren urtez segidan urte hasieran egingo zaio lekua ekintza sorta horri, hilabeteko azkeneko bi asteburuetan, urtarrilaren 24tik otsailaren 1era Sutegin.
Hitzordu sorta horren baitan eskainiko da hasteko, hilaren 24an, Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" emanaldia, "Arte eszenikoa eta zinematografikoa uztartzen dituen road movie-a". Bertan, "antzerki konpainia bateko hiru kidek Mexikora eginiko bidaia kontatzen" da.
Biharamunean, hilaren 25ean, "Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako" dokumentala ere proiektatuko da Kulturaldi honen baitan. Dokumentalaren proiekzioaren ostean, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu.
Urtarrileko azken asteburuan, hilaren 30ean, Izaki Gardenak taldekoen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Biharamunean, herriko sorkuntzari tartea egingo zaio. Izan ere, "Bihotzeko fonoteka" ipuin kontaketa musikatua eskainiko du Ugaitz Agirrek. Amaitzeko, kultur ziklo honen baitan eskainiko da, Usurbilgo Udala eta udalerri hau kide duen Udalbiltza partzuergoak euskal kultur sorkuntza sustatzeko antolaturiko Geuretik Sortuak egitasmoaren baitako proiektuetako bat; "Frankopoleon" izeneko antzezlana. Otsailaren 1ean izango da.
Aipatu moduan, sarrerak laster izango dituzue eskuragarri, gainerako emanaldietarako bezalaxe, usurbilkultura.eus plataforman nahiz NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Kultur elkarteko bazkideok merkexeago erosi ahalko dituzue, kultur elkartearen egoitzan.
Ikastaroak
Kultur hitzordu hauekin batera, eta urte hasierarekin bat eginez, bada herrian ikasturte berria hasiko duenik orain, urtarrilean; Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak hain zuzen. Hilaren 12an ekingo diete asteleheneroko entsegu saioei 18:00etan Agerialdeko musika gelan.
Urteko lehen kantu-jira ere programatua dute, ohi bezala, hilabeteko azken larunbaterako, hilaren 31rako.
Ikastaroez ari garela, urtarrilean arratsaldez irekiko den KzGuneak hainbat trebakuntza saio iragarri ditu eta Sutegi udal liburutegiak urteko bere lehen tailerra. Aurrez eskaini eta harrera bikaina izan duen manga tailerra eskainiko du urtarrilaren 23an. Gogoan izan, abenduaren erdialdeaz geroztik Sutegiko erakusleihoan jarria duela liburutegiak, bestalde, 2025eko Usurbilgo kultur sorkuntza lanen erakusketa. Hurrengo astera arte ikusgai izango duzue.
Itzulerak
Horiez gain, urteroko hitzorduak ere bueltan izango ditugu. Batetik, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen hilabeteko azken igandean, hilaren 25ean. Urteko lehen odol-ematea ere hilabete honetan egokituko da. Bi hilean behin lehen astelehenetan antolatzen dute, baina urtarrileko saioa ohi baino geroago izaten da; aurten, hilaren 26an egingo dute. Bezperan, odol-emaileen bazkaria egitekotan dira eta bertan, urtero moduan, hainbat kide omenduko dituzte.
Eta bueltan datorren beste hitzordu bat; Atxega jauregian egingo dutena izango da. Izan ere, euskarazko kazetaritza eta komunikazioari eskainitako Argia Sariak banatuko dituzte hilaren 30ean bertan.
Hitzordu horiei buruzko xehetasun gehiago, web orrialde honetako "Agenda" atalean dituzue.