2026ra begira

Euskaraldiaren ostean, Korrikaren urtea aurtengoa

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 3a

Euskaraldiaren 2025. urtea agurtu ostean, 24. Korrikaren urtea estreinatu dugu. Martxoaren 19tik 29ra egingo da. Laster jakingo dugu, Usurbildik noiz igaroko den.

Urtero euskararen aldeko aldarria herri bizitzaren erdigunean izateko Euskaraldia eta Korrika txandakatzea erabaki zen. Honenbestez, iaz estreinakoz udaberrian eginiko 4. Euskaraldiaren ondotik, 24. Korrikaren txanda izango dugu abiatu berri dugun urte honetan.

24. Korrika badator! Azaroaz geroztik urte amaierara hainbat xehetasun ezagutzen joan gara. Gogoan izan, martxoaren 19an abiatuko da Zuberoako Atharratzetik eta hamar egun geroago, hilaren 29an helmugaratuko da Bizkaiako Bilbon. Tartean, 24 orduz, etenik gabe Euskal Herrian barrena (inguruotatik ere bai) ibiliko da euskararen aldeko lasterketa, "Euskara Gara" aldarripean. Omendua, Nafarroa erdialdea eta hegoaldea, bertan ekoitzitako produktuen otarren bidez laguntzen diharduen Errigora egitasmoa izango da. 

Jada, musikatu dute; soinu-banda jarri diote ekimenari. 24. Korrikaren abestia aurkeztu zuen AEK-k abenduaren 11n. Datorren edizioa Maixux Zugarramurdik, Zetak taldeak eta Erramun Martikorenak musikatuko dute. Abestiari irudia ere jarri zioten, bideokliparekin. Biak ala biak, albiste honi atxikitako bideoetan dituzue.

Materiala eskuragarri
Horrekin batera, parte hartzen hasteko zenbait bide ere zabalik dituzte. Horien artean, Korrikak zabalik du dagoeneko sarean, materiala saltzeko denda. Hiriburuetako saltoki fisikoak ere prest ditu. Aipatzekoa, guneotan, besteak beste, salgai izango dituzuela petoak, nobedade batekin; segurtasun banda koloretsua izango dute gau partean ikusgarritasuna emateko.

Usurbilera etorrita, dagoeneko Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegikoak hasi dira materiala saltzeko postua jartzen azken azoketan. Euskaltegian ere eskuragarri izango du aurrerago.

Aurrera begira, laster jakingo da 24. Korrika noiz igaroko den inguruotatik. Hitzordu horri begira ere herrian egingo diren girotze hitzorduak ere antolatzen hasiko dira hurrengo hilabeteotan.

24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…


Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.

Informazio gehiago:
korrika.eus

Antolatzailea: AEK.