Negu betean garela gogoraraziko digute egunok eta, honenbestez, urte garai honi dagokiona biziko dugula. Urteko lehen hotzaldia hemen da. Ondorioz, muturreko tenperatura baxuagatik eta izotz arriskuagatik abisu horian izango gara gaur gauerditik aurrera, igande goizeko 9:00ak arte. "Baliteke kostaldean izotz txikia egitea, bereziki ekialdean. Bestalde, tenperatura maximoak kostaldean eta Kantauri barnealdean 4-5 ºC artekoak izan daitezke", Euskalmet meteorologia agentziak jakinarazi duenez.
Igande iluntzean berriz jarriko dute indarrean abisu hori bera, gaur baino lehenago bihar, hilaren 4an; iluntzeko 21:00etan hasita hain zuzen. "Kantauri barnealdean izotz txikia egingo du. Kostaldean izotz txikia egin dezake, bereziki ekialdean", ohartarazi du Euskalmet-ek.
-3 gradu
Aste hasieran ere joera berak segiko du. Usurbilen, aipatu agentziaren arabera, larunbat honetan, urtarrilaren 3an, gehienez 7 gradu inguruko tenperatura izango dugu, gau partean hozten segiko du eta igande goizaldean, zeroz azpiko 3 gradu izan ditzakegu, egunean zehar lau gradu inguru baino ez eta igande gauerako berriz, zeroz azpiko 2 graduko tenperatura.
Egunotarako iragarpena
Euskalmet-ek iragarri duenez, larunbat honetan, urtarrilaren 3an, Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Goizean prezipitazio txiki-ertaina egingo du; egunaren bigarren partean baliteke noizbehinka prezipitazio txikia egitea. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak egunaren amaieran neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Igandean, hilaren 4an, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Han-hemenka eta noizbehinka prezipitazio txikia egin dezake, bereziki goizaldean eta goizean goiz. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da. Izotz txikia egin dezake".
Astelehenean, hilaren 5ean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Han-hemenka eta noizean behin prezipitazio txikia egin dezake arratsalde-gauean. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean iparraldetik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da. Izotz txikia egin dezake".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.