2026ra begira

Gutxienez lau urteurren zeharkatuko ditu 2026ak

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 3a

NOAUA! Kultur Elkarteak, Lanbide Eskolak edota Usurbil F.T.-k urteurreunen urtea biziko dute 2026 estreinatu berri honetan. Horrez gain, faxistak Usurbilen sartu zireneko (1936ko irailean) 90. urtemuga beteko da.

Iaz, Zumarte Musika Eskolaren edota Ziortza Gazte Elkartearen urtemuga urteak bizi izan genituen. Herriko kulturgintzan, aisialdian eragiten aritu dira 40 urtez eta lau hamarkadok gogotik ospatu zituzten.

Urteurren gehiago ospatzen segiko dugu estreinatu berri dugun 2026. urte honetan ere. Izan ere, herri eragile gehiagok beteko dituzte halako urtemuga borobilak. Guk dakigula, gutxienez hiru eragileek bai; NOAUA! Kultur Elkarteak, Usurbil F.T.-k eta Lanbide Eskolak.

Horiez gain, oroimen historikoa lantzeko aukera aproposa izango da urte berri honetan. Izan ere, 90 urte beteko dira tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik. Urtemuga hau ez da oharkabean igaroko.

Usurbil 1936
1936ko altxamendu frankistaren ondotik, tropa faxistak sartu ziren Usurbilen urte hartako irailaren 18an. Une horri lotutako 90. urtemuga beteko da aurten. 85 urte bete zirenean sortu zen Usurbil 1936 Usurbilgo oroimen historikoaren aldeko elkartea. Urte hartan bertan, irailaren 18an, "Izan zinetelako gara" herri omenaldia antolatu zuten. Garai hartan fusilaturiko zazpi usurbildarrak gogoan hartu zituen hitzorduak. Ordutik hamaika ekimen bideratu izan dituzte; bisita gidatuak, hitzaldiak, Andatzan eginiko antzezpen girotu ibiltaria, Irubiden fusilatuei eginiko omenaldia, lubakiak bistaratzeko eginiko auzolana, edota lekukotzak eta garaiko dokumentazioa biltzen egindako ahalegin itzela bideratu dute. Guztia, usurbil1936.eus webgunean jasoa dute. Aurtengo 90. urtemuga hau ere ez da oharkabean igaroko.

Lanbide Eskola
50. urtemuga ekaina amaieran hasi zen ospatzen Zubietako ikastetxea, hilabete haren amaieran, mendi erdi lehenago egitasmo honen lehen hazia jarri zuen udalbatzaren osoko bilkuran aurkezturiko mozioarekin. Handik egun gutxira, 50. urtemuga zikloari hasiera emateko Lanbide Eskolako komunitatea elkarturiko ekitaldi berezia egin zuten. Bertan, besteak beste, bost hamarkada hauen ibilbidea errepasatu zuten, garaian garaiko protagonisten ahotik. Irudi berria estreinatu zuten, eta aurrerantzean, Zubieta Lanbide Eskola izena izango zuela ikastetxeak jakinarazi zuten.

Usurbil F.T.
Azaroaren 1ean, Sutegiko auditorioan eginiko bertso derbi ekitaldi bereziarekin abiarazi zuen Usurbil F.T.-k bere 50. urtemugako ospakizunen zikloa. Egun hartan jokaturiko Realaren eta Athleticen gizonezko taldeen arteko neurketaren aurretik, sei bertsolari elkartu zituzten Sutegin. Hitzorduaren tokia nahita hautatu zuten bi klubeko ordezkariek, Usurbil F.T.-ren urtemugari ekiteko.

Klubak dagoeneko haien produktuak eskuratzeko aukera eskaintzen hasi da sare sozialen bidez. Hurrengo hilabeteotan, ekimen gehiago bideratuko dituzte.

NOAUA! K.E.
1996ko maiatzean argitaratu zuen NOAUA! Kultur Elkarteak izen bereko hedabide honen papereko 0. alea. Urte hartako Sagardo Egunaren bueltan izan zen. Ordutik, hamabostean behin hasi zen argitaratzen papereko edizioko aldizkaria. 2005. urte amaieraz geroztik astekari izatera igaro zen. Hasieratik, kultur elkarteak hamaika dinamika bideratu ditu, hedabideaz haratago. Egun, kultur eskaintza oparoaz gain, aisialdian eragiten dihardu Zirimara edota Udajolas bezalako proiektuen bidez, edota Usurbilgo turismoa dinamizatzen, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bidez. Bestelako hainbat ekintza sostengatu edota bultzatzen ditu, lerrootan laburbildu ezin diren bestelako dinamikez gain.

NOAUA! K.E.-k eginiko ibilbidea oroitzeko aukera izango da aurten. Izan ere, 30 urte beteko ditu.