Venezuela erasotua

Venezuelak jasandako erasoak salatu eta bertako herriarekin bat egin dute elkarretaratze bidez

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 3a

Azken orduotan, Venezuelak jasandako erasoak eta bertako presidentearen eta bere emaztearen bahiketa salatu dituzte, larunbat iluntze honetan, urtarrilaren 3an, Mikel Laboa plazan eginiko urgentziazko elkarretaratzearen bidez.

 

Venezuelara begira da mundua azken orduotan, AEB-k eginiko erasoaldiaren eta bertako presidentearen eta haren emaztearen bahiketaren harira. Erasook salatzeko, Venezuelaren burujabetza aldarrikatu eta venezuelar herriari babesa adierazteko elkarretaratzea egin berri dute larunbat iluntze honetan, urtarrilaren 3an, 19:00etan Mikel Laboa plazan.

"Eraso inperialistarik ez! Venezuelak burujabetza! Venezuelar herriarekin bat!" aldarriaren bueltan batu dira, arrapaladan etorritako gertaerok tarteko, azken orduan deitutako mobilizazioan parte hartu dutenek.

Segidan duzue, amaieran plazaratu duten adierazpena:

Adierazpena
Irmoki salatzen dugu azken orduetan AEB-k Venezuelaren aurka egindako eraso militarra eta Venezuelako presidente hautatuaren bahiketa ilegala. Oso gertakari larriak eman dira azken orduotan Venezuelan. Lehen aldiz, AEBko armadak lurralde venezuelarra erasotu du jendarte zibilaren artean biktimak eraginez. Hori gutxi ez eta Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu eta herrialdetik atera du bere emaztearekin batera. Gertakari hauek guztiz neurrigabeak dira eta ez dituzte inondik inora nazioarteko legedia eta NBEren karta errespetatzen. Guk, Euskal Herritik munduko herri eta pertsona guztien burujabetza aldarrikatuko dugu ezinbesteko printzipio gisa. Inork ezin du venezuelar herriaren gaineko erabakirik hartu, hori venezuelar herriari soilik dagokio eta ez beste inori.

Donald Trumpek 2025eko urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik munduko herrien aurkako estrategia neokolonial baten ezarpena bizitzen ari gara. Estrategia hori eskuhartzeetan, mehatxuetan, txantaietan eta eraso militarretan oinarritzen da, bereziki, Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean eragin handia izanik.

Jarrera hori AEBtako administrazioa osatzen duten multinazionalen interesei lotuta dago, zeinak menpekotasun ekonomikorako estrategia oldarkor batekin, presio politikoarekin eta indar militarraren erabileraren mehatxuarekin konprometituta dauden. Monroe doktrinaren eguneratzeak, diskurtso belizista kezkagarri batez lagunduta, erasoa eta txantaia normalizatu nahi ditu Washingtonen eta kontinentearen arteko harremanetan.

Bestetik, arreta berezia jarri nahi dugu Nicolas Maduro presidentearen eta bere emaztearen bahiketan. Guztiz onartezina da eta ez du inondik inora laguntzen egoera konpontzen. Maduro Venezuelara itzuli eta aske uztea behar-beharrezkoa da egoera bideratu ahal izateko. Era berean, Venezuelako herritarrekin elkartasuna adierazi nahi dugu eta haien autodeterminazioa, instituzioak, subiranotasuna eta lurralde osotasuna errespetatzeko eskatzen dugu. Herrialdearen aurkako eraso militarrek mehatxu larria dakarte, Latinoamerikako eta beste mailako bakearen eta egonkortasunaren eraikuntzan. Horregatik, nazioarteko komunitateari exijitzen diogu eraso hauek salatu eta neurri zorrotzak har ditzan. Eraso inperialisten aurrean, Venezuelak burujabetza! Venezuelar herriarekin bat!