Hotzaldi betean helduko dira Baltasar, Gaspar eta Meltxor erregeak Usurbila, astelehen honetan, urtarrilaren 5ean. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 0 graduko tenperatura izango dugu, gaur iluntzean izango den hirukote horren kabalkadan. Giro oso hotza bai baina lehorra izango dugu, euririk ez du egingo.
Urdaiagatik abiatuko dira erregeak 17:00ak aldera eta Santuenea zeharkatuta Atallutik gora Bizkarrera eta Bizkarretik herri erdigunean barneratuko dira erregeak.
Amaieran, ohi bezala, harrera egingo zaie frontoian eta pilotalekuko oholtza gainetik ikusi eta entzuteko aukera izango da. Horren ostean, noski, haiengana gerturatzeko aukera izango dute herrikideek.
Postaria
Aldez aurretik, erregeei aurre hartuko die haien postariak. Astelehen goiz honetan helduko da frontoira, gaztetxoenen eskaerak biltzera.
Ziortza Gazte Elkartea aritu da gaurko kabalkada prestatzeko lanetan. Besteak beste, gogoan izan, aurreko asteotan bideratu duela ekimenean antortxero gisa parte hartu nahi zutenen izen-emate deialdia eta apuntatu direnekin ere biltzekoak zirela iragan ostiralean. Gaur kaleratuko dute azkenaldian prestaturiko auzolana.
Erregeen kabalkada
Urtarrilak 5, astelehena
11:00 Eskutitz tailerra eta muralaren irekiera.
12:00 Postariaren etorrera eta jolasak postariekin.
12:30 Postariari eskutitzak eman.
17:00 San Estebandik irteera.
19:30 Frontoira iritsi.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.