Odola emateko eguna izaten da bi hilean behin lehen astelehenetan. Berez, gaur egokitzen zen hitzordu hau baina Usurbilgo odol-emaileen elkarteak hilaren 26ra, hau da, urtarrileko azken astelehenera atzeratu du. Horrekin batera, bezperan egingo du, urteroko emaileen bazkaria, aurten Atxega jauregian egitekoak dira. Bilgune horretatik NOAUA!ri jakinarazia diotenez, bertan, bi emaile omenduko dituzte edo oroigarriak bi herritarrei emango dizkiete. Batek 25 aldiz eman du odola eta besteak 75 aldiz.
Dagoeneko finkatua du aipatu elkarteak 2026an odola emateko egutegia. Segidan dituzue xehetasunak.
Eskertza
Usurbilgo odol-emaileen elkarteak eskerrak helarazi zizkien urte amaieran, odola ematera gerturatutako herritar guztiei. 2025ean, aipatu bilgunetik jakinarazi zutenez, 224 odol-emaile gerturatu ziren, urtean zehar izandako hitzorduetan eta hauetatik 195 odol poltsa bildu zituzten. Emaileen artean azpimarra jarri zuten iaz, emaile berriak 10 izan baitziren. Pozik daude gerturaturiko emaile berriekin ere.
2026ko odol-emateak
Egunak: urtarrilaren 26a, martxoaren 2a, maiatzaren 4a, uztailaren 6a, irailaren 7a eta azaroaren 2a.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus
Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.