Negu garaiari dagokion moduan, hotzaldi betean gara asteburuaz geroztik eta hala jarraituko dugu aste hasiera honetan ere. Izoztua esnatu zaigu astelehen hau, zeroz azpiko tenperaturarekin eta hala jarraituko dugu hurrengo orduotan ere. Halere, elementu berri bat batzeko aukera dago; elurra. Ez da elurterik espero, baina prezipitaziorik balego, elurretan bota dezake asteartean, urtarrilaren 6an.
Momentuz, astelehen iluntze honetan, urtarrilaren 5ean, 21:00etatik aurrera abisu horia izango da berriz indarrean astearte goizeko 10:00ak arte, muturreko tenperatura baxuagatik eta izotz arriskuagatik. "Izotz txikia egingo du Kantauri barnealdean. Kostaldean izotz txikia egin dezake, bereziki ekialdean", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Iluntzeko 21:00etan berriz abisu hori beraren eraginpean izango gara.
Horrekin batera, aipatu moduan, elurra egin dezake eta horri lotutako abisu horia ere indarrean jarriko dute, astearte goizaldeko 3:00etan hasi eta hamabi orduz, arratsaldeko 15:00ak arte. 200-400 metrotan egin dezake elurra. "Zaparrada txikiak egingo ditu, egunaren lehen partean zenbait tokitan ertainak, probabilitate handiagorekin mendebaldean. Arratsalde-gau partean atertzeko joera hartuko du. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake, bereziki egunaren lehen zatian", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Egunotarako iragarpena
Hotzetik segiko dugu beraz, Usurbilen. Aipatu meteorologia agentziaren arabera, astelehen honetan, urtarrilaren 5ean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; gauean hodeiak ugaritu egingo dira. Prezipitazio txikia egin dezake noizbehinka eta han-hemenka. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; egunaren bukaeran ipar-mendebaldera egingo du. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da. Izotz txikia egin dezake".
Bihar, hilaren 6an, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu; arratsaldetik aurrera zaparrada txikiak han-hemenka eta noizbehinka egin ditzake. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake. Elur-kota 200-400 m ingurura egongo da. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez. Izotz txikia egin dezake".
Asteazkenean, hilaren 7an, "zerua hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu eta zerua oso hodeitsu geratuko da. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egingo du, zenbait tokitan ertaina. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira eta maximoak nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko da.