Gabonak

Erregeei eskarien gutunak helarazteko ilara luzea, Ziortzakoen girotze goizean

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 5a

Astelehen arratsaldeko erregeen kabalkadaren aurretik, girotze goiza antolatu du Ziortza Gazte Elkarteak frontoian. Ilara luzea izan da, frontoira etorritako postariei gutunak helarazteko.

Erregeen etorrerarako girotzen hasiak dira herrian. Ikusi bestela, ilara luze askoa eragin du astelehen goiz honetan, urtarrilaren 5ean, Ziortza Gazte Elkarteak frontoian antolaturiko goizpasaren baitan, erregeen postarien etorrerak.

Gaztetxoenen gutunak jaso dituzte frontoian jarritako oholtza gainean. Trukean, hamaika gozoki eman dizkiete. Zereginotan aritu aurretik, belaunaldi gazteenarekin jolasean aritu dira. Artean, marrazketarako tartea hartu dute beste hainbatek, edota hiru erregeak irudikatuak ageri ziren murala margotzekoa.

Eguzkipean goxo zegoen arren, hotz handiko goiza izan da astelehen honetako hau. Gogotsu bertaratu dira, ordea, erregeen etorreraren zain ziren haurrak frontoian Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko girotze goizera.