Abendu amaieran banatu zuen Usurbilgo Udalak urte berri honi dagokion lehen kultur-agenda, 2026ko urtarrilari dagokiona hain zuzen. Asteotan izango ditugun lehen ekitaldien berri dakar papereko edizioak. Xehetasunak usurbilkultura.eus plataforman kontsulta ditzakezue baita eta webgune berean eskura ditzakezue, iragarriak dauden hitzorduetarako sarrerak edo gonbidapenak.
Hasteko, negu partean Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin lankidetzan antolaturiko zine zikloko film proiekzioa izango da Sutegin hilaren 11n; "Barrakudaren altxorra" izenekoa. Astebete geroago, beste emanaldi bana izango dugu Kalezarko Pelaioenean eta Sutegin. Pelaioenean, "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" poesia, performanzea eta umorea nahasten dituen emanaldia eskainiko du Infinitudrama konpainiak.
Sutegin, bestalde, hilaren 18an TikTara musika taldeak "Ubera" egitasmoa aurkeztuko du. "Proiektuak bidaia musikala egiten du, kultura askoren ekarpenarekin Hego Amerikako kultura nola sortu den azaltzeko asmoz, baina, batez ere, euskal kultura hegoamerikar kulturaren ekarpenarekin nola aberastu den ulertzeko".
NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia
Asteburu horren ondotik, hilabete honetako kultur ziklo nagusiaren txanda izango da. Izan ere, garai batean azaroan egiten zuen NOAUA! K.E.-k bere eskaintza, baina 2024an urtarrilera aurreratzea erabaki zuen kultur elkarte honek. Ordutik, urte hasieran antolatzen du askotariko sorkuntza diziplinak uztartzen dituen Kulturaldia. Honenbestez, hirugarren urtez segidan urte hasieran egingo zaio lekua ekintza sorta horri, hilabeteko azkeneko bi asteburuetan, urtarrilaren 24tik otsailaren 1era Sutegin.
Hitzordu sorta horren baitan eskainiko da hasteko, hilaren 24an, Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" emanaldia, "Arte eszenikoa eta zinematografikoa uztartzen dituen road movie-a". Bertan, "antzerki konpainia bateko hiru kidek Mexikora eginiko bidaia kontatzen" da.
Biharamunean, hilaren 25ean, "Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako" dokumentala ere proiektatuko da Kulturaldi honen baitan. Dokumentalaren proiekzioaren ostean, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu.
Urtarrileko azken asteburuan, hilaren 30ean, Izaki Gardenak taldekoen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Biharamunean, herriko sorkuntzari tartea egingo zaio. Izan ere, "Bihotzeko fonoteka" ipuin kontaketa musikatua eskainiko du Ugaitz Agirrek. Amaitzeko, kultur ziklo honen baitan eskainiko da, Usurbilgo Udala eta udalerri hau kide duen Udalbiltza partzuergoak euskal kultur sorkuntza sustatzeko antolaturiko Geuretik Sortuak egitasmoaren baitako proiektuetako bat; "Frankopoleon" izeneko antzezlana. Otsailaren 1ean izango da.
Aipaturiko emanaldi guztietarako sarrerak eta gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.