Gabonak

"Mundu hobea eraiki dezagun"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 5a

Gure artean falta direnak eta munduan egoera gogorrak bizi dituztenak gogoan hartu dituzte erregeek, herrian barrena eginiko kabalkadaren amaieran, frontoian egin zaien harrera ekitaldian.

Hiru erregeek astelehen iluntze honetan herrian barrena eginiko kabalkada frontoian egin zaien harrerarekin amaitu dute. Herria agurtuz barneratu dira oinez pilotalekura, Mikel Laboa plazarainoko bidea traktore gainean egin ostean.

Oholtzara helduta, herriarengana zuzendu dira urtero moduan. Aurtengoak, ordea, inoiz baino elkartasun kutsu handiagoa izan du. Izan ere, munduan dugun panoramari begira jarri dira.

"Gogoan izan behar ditugu, munduan zehar egoera gogorrak bizitzen ari diren eta jada, gure artean ez dauden horiek ere", oroitarazi nahi izan dituzte. Haien guztien artean, bereziki palestinar herria oroitu eta elkartasuna adierazi nahi izan diete aurtengo kabalkadan, antortxeroen bidez. Erregeen bidelagunek buruko palestinarra eraman dute jantzita ibilaldi osoan zehar.

Horren harira, erronka ere proposatu diote Usurbilgo herriari. "Guztion artean, elkar babestuz, maitatuz, mundu hobea eraiki dezagun. Prest al zaudete erronka horretarako?", baiezkoa izan da frontoian entzundako erantzuna.

Gau lanpetua
Ibilaldi luzea egin dute hiru erregeek Usurbila heltzeko. "Basamortua, mendia, haranak, ibaiak eta errekak pasa" ostean heldu dira gure artera, frontoiko oholtza gainean azaldu dutenez. Herrira iristen lagundutako guztiak eskertu nahi izan dituzte.

Harrera ekitaldiaren ondotik, lanpetua joango zaie gau hau. Iragarri dutenez, "saiatuko gara guztien gustuko opariak bilatzen". Halere, jasotako opariak elkarrekin partekatzeko deia egin dute.

Hortik aurrera, gaurko gaua nahiz hasi berri dugun urtea "denontzat  magikoa izan dadin, guztion esku dago. Maitasuna, elkartasuna eta berdintasuna izan daitezela gure iparrorratz, utz ditzagun bazterkeria eta biolentzia alde batera", galdegin dute.