Hotzaldi betean heldu dira aurten, 0 gradu inguruko tenperaturarekin Baltasar, Meltxor eta Gaspar erregeak. Iluntzean abiatu dira Urdaiagatik, baina jendea hurbildu zaien unetik desagerrarazi dute hotzaldia.
Izan ere, ohi bezala, eskuzabaltasun osoz iritsi dira, esku bete gozoki zutela. Eta ohi den moduan, giroa gogotik gozatu dute eta haien bueltan bildu direnek gozoki harrapakari bizi gisa egindako lasterketek ere erabat ahaztarazi diete hotzaldia.
Herri bira
Aipatu moduan, Urdaiagatik behera abiatu dira. Santuenea zeharkatu dute. Handik, Atallutik barrena, Bizkarre parera igo eta heldu dira Kale Nagusira. Artzabal, Munalurra eta Atxegalde auzoetatik igaro dira, berriz Kale Nagusira bueltatu eta azken itzulia eman diote herri erdiguneari frontoira heldu aurretik.
Bidean, haiengana deiadarka hurbildutakoak agurtu eta egindako harrera gozoki jaurtiketekin eskertu diete. Asko ziren prest zituztenak, poltsak, batzuk iraulitako aterkiak ere bai, ahalik eta gozoki gehien harrapatzeko.
Bidelagunak
Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko kabalkada ez dute hiru erregeek bakarrik egin. Izan ere, iaz bezala, traktore gainean iritsi dira udalerri honetara. Herrikideak izan dituzte bidelagun garraiatzerako orduan, baita bidea argitzeko ere.
Aurreko asteotan, Ziortzak bideraturiko izen-emate deialdiarekin bat eginiko antortxeroak izan dira Gaspar, Baltasar eta Meltxor erregeei bidea argitu dietenak.