Sareren Bilboko manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 7a

Larunbatean, urtarrilaren 10ean, Sarek Bilbon deitutako manifestaziora autobusez joateko aukera izango da Usurbildik, urtero moduan. Aurrez eman beharko da izena ohiko tabernetan.

“Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza” aldarripean Sarek manifestazioa deitu du Bilbon larunbat honetan, urtarrilaren 10ean. 17:00etan abiatuko da La Casillatik. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du urtero moduan Usurbildik. Arratsaldeko 15:00etan abiatuko da Oiardo kiroldegi paretik. Zerbitzu horretan izena emateko aukera izango duzue aldez aurretik, ohiko tabernetan.

Manifestazio nazionalera joateko deia egin zuen Usurbilgo Sarek urte amaieran, abenduaren 31n Mikel Laboa plazan eginiko elkarretaratzean, "etxean nahi eta behar ditugulako".

Argi adierazi zuten beste behin; "bukatu nahi dugu sufrimenduarekin. Bada garaia. Garaia da. Presoak etxean, presoak kalean nahi ditugu. Nahiko ordaindu dute. Nahiko eta gehiegi".

Horregatik, Mikel Laboa plazan bildutakoak aintzakotzat hartuta adierazi zuten, "badago hemen bildu garen gazte, zahar eta heldu lotzen gaituen zerbait: arbitrarietatearekin eta injustiziarekin bukatu nahi dugu. Elkarbizitzari ateak ireki nahi dizkiogu".

"Etxean nahi eta behar ditugulako"
Sarek urtarrilaren 10ean Bilbon antolatua duen manifestazio nazionalera begira jarri ziren. "Legeak egiteko edo legeak betearazteko indar asko behar da. Urteetan gure desioak, nahiak, haserreak, pozak, mobilizazioak, elkartasuna... aldaketen motorrak izan dira. Horiei esker lorpenak bideratu dira. Indar horiek honaino ekarri gaituzte. Indar horiek Bilboraino eramango gaituzte".

Bizkaiko hiriburuan Sarek deitutako mobilizazioan, "Bilboko kaleek, Bilboko deiadarrek, Bilboko milaka borondateek eraman ditzatela arduradunak legeak betetzera, justizia egitera, presoak, deportatuak eta erbesteratuak etxera ekartzera. Etxea merezi, nahi eta behar dutelako".

Sareren hurrengo deialdiak
Urtarrilaren 10a baino lehen
Sarek hilaren 10ean Bilbon deitutako manifestaziorako autobus zerbitzuan izen-ematea ohiko tabernetan.

Urtarrilak 10, larunbata
15:00 Autobus zerbitzua Oiardo kiroldegi paretik, Sarek Bilbon deitutako manifestaziora.
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza" aldarripean. Hara joateko autobus zerbitzuan izen-ematea aldez aurretik, ohiko tokietan.

Urtarrilak 30, ostirala
20:00 Sarek deitutako elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Sare.