650 Usurbil Bizi

Bisita gidatu konbinatua, urteko lehenengoa

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 7a

650 Usurbil Bizi herri egitasmoak urtarrileko azken egunetarako antolatu ditu aurtengo lehen bisita gidatuak.

Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen segiko du abiatu berri dugun urte berri honetan ere, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Bere baitan antolatu ohi diren bisita gidatuek hilabete honen amaieran izango dute segida.

2026ko lehenengo hiru hitzorduak hain zuzen, urtarrilaren 24-30 arterako antolatu dituzte, eta horien artean, bada bisita berezirik. Izan ere, oraingo honetan, aurtengo eskaintzari ekiteko bisita gidatu konbinatua antolatu dute. Orain arte, Museo Irekia izeneko hitzorduan Usurbilgo kaleetan dugun kultur sorkuntza ezagutzeko aukera izan da. Bestalde, Salbatore elizako ondarea sakonago ezagutzea ahalbidetzen duten bisita gidatuak ere programatzen dira 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitan.

Urtarrileko lehenenengo saioan hain zuzen, bi horiek, Museo Irekia eta Salbatore elizako ondarea ezagutzea ahalbidetuko duen bisita gidatu bietan batera egun berean parte hartzeko aukera izango da.

650 Usurbil Bizi: datozen bisita gidatuak
Urtarrilak 24, larunbata
11:00-12:30 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore eliza ezagutzeko aukera.

Urtarrilak 28, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Urtarrilak 30, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus