Elurra ia hiru urteren ostean, apenas zuritu duen arren

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 6a

Elurra egin du astearte eguerdi honetan, urtarrilaren 6an Usurbilen. Duela ia hiru urte ikusi genuen azkenekoz elurra inguruotan.

Bart iluntzetik abisu horia indarrean da astearte arratsaldeko 18:00ak arte, elurragatik. 200-400 metro artean zuritu dezake "Gipuzkoa ekialdean baliteke beherago egotea", ohartarazi du, Euskalmet meteorologia agentziak. Aurreikuspena bete da. Askorik egin ez duen arren, elurra ari egin du astearte eguerdi honetan, urtarrilaren 6an Usurbilen. 2023ko otsailaz geroztik ez dugu elur malutarik ikusi herrian gaur arte.

Goizean egindako euria tarteko, bustia zen lurra lehen elur malutak erortzen hasi direnerako. Askorik ez egiteaz gain, zuritzeko tarterik apenas izan duen elurrak, leku zehatz batzuetan izan ezik.

Abisu horian
Aipatu moduan, elurragatik arratsaldeko 18:00ak arte izango da indarrean abisu horia. "Zaparrada txikiak egingo ditu, goizean zenbait lekutan ertainak. Arratsaldean han-hemenka zaparrada txikiak egingo ditu, eta gauean atertu egingo du", iragarri du Euskalmet-ek.

600 metrotan 1-6 zentimetro artean pila daiteke elurra, 200 metrotan 0-2 zentimetro artean. Aipatu moduan, halere, ez da elurterik espero.

Euskalmet-ek biharko, hilaren 7rako berriz izango du indarrean elurrari lotutako abisu horia, goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte. Gaur baino gorago zuritu dezake halere. "Elur-kota goizean goiz 400-600 m inguruan koka daiteke eta egunean zehar igotzen joango da, eguerdi inguruan 800-1000 m inguruan kokatuz eta arratsaldean 1000-1200 m inguruan", zehaztu du aipatu meteorologia agentziak.

Hala, "goizetik aurrera prezipitazio txikia egingo du, egunaren bigarren partean zenbait lekutan ertaina, bereziki Kantauri isurialdean". Bihar, 200 metrotan jada ez da elurrik pilatzea espero, 600 metrotan gehienez jota 2 zentimetro.

Baina hotzetik joango zaigu biharko eguna ere. Gaur iluntzeko 21:00etan hasi eta asteazken goizeko 10:00k arte indarrean izango da muturreko tenperatura baxuagatik nahiz izotzagatik abisu horia. "Izotz txikia egingo du Kantauri barnealdean. Kostaldean izotz txikia egin dezake, bereziki ekialdean", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Egunotarako iragarpena
Baldintza hauekin, astearte honetan, urtarrilaren 6an, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu; arratsaldetik aurrera zaparrada txikiak han-hemenka eta noizbehinka egin ditzake. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake. Elur-kota 200-400 m ingurura egongo da. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez. Izotz txikia egin dezake".

Asteazkenean, hilaren 7an, "zerua hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu eta zerua oso hodeitsu geratuko da. Egunaren bigarren partean, prezipitazio txikia egingo du, zenbait tokitan ertaina. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira eta maximoak nahikoa igoko dira".

Ostegunean, urtarrilaren 8an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta arratsaldean hodeiak gutxituko dira. Egunaren lehen partean euria egingo du. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean hego-mendebaldetik finkatu eta zakartu egingo da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoak nabarmen igoko dira eta maximoak nahikoa".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.