Zehaztua dute haurrentzako datorren film proiekzioa

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 7a

"Barrakudaren altxorra" filma eskainiko dute igandean, urtarrilaren 11n Sutegin.

Asteotako etenaldiaren ondotik, egunerokotasunera itzuli eta azkenaldiko ekimen berezien zikloa amaitu den arren, abian diren gainerako ziklo eta hitzorduen segida izango dugu hurrengo egunotan, baita haur eta gazteenei zuzendurikoena ere. Izan ere, Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak lankidetzan antolatu ohi duten negu parteko euskarazko zine zikloaren hurrengo proiekzioa finkatu dute jada, iganderako, urtarrilaren 11rako hain zuzen.

"Barrakudaren altxorra" izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko dute arratsaldeko 17:00etan Sutegin. Sarrerak 3,30 eurotan usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.

Hona hemen filmaren nondik norakoen aurrerapena. “Gurasoak aurkitzen saiatzen den bitartean, Txinpartak Barrakuda kapitainaren itsasontzi piratan amaitzen du istripuz, hortzetaraino armatutako marinel beldurgarriek tripulatuta eta arazo larri batekin: ez dakite irakurtzen. Berak bakarrik lagun diezaieke Phineas Craneren altxorra aurkitzen, Karibeko pirata guztien artean baliotsuena eta gutiziatuena. Horrela hasiko da beren bizitzak betiko aldatuko dituen abentura bat”. 

Albiste honi atxikitako bideoan duzue filmaren aurrerapena.