2026-27

Ikastetxeetako matrikulazio kanpainaren nondik norakoak zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 7a

2026-27 ikasturterako matrikulazio kanpainari buruzko xehetasunak plazaratu ditu Eusko Jaurlaritzak, asteazken honetako, urtarrilaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez.

Urte berriarekin batera, hurrengo ikasturtea antolatzen hasteko garaia itzuli da. 2026-27 ikasturtera begira, ikastetxeetan matrikulatzeko kanpainari buruzko zehaztasunak plazaratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, asteazken honetako, urtarrilaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez; zehazkiago esanda, "Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2026-2027ko ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere".

Matrikulazio kanpainari lotuta hezkuntza sailburu Begoña Pedrosaren abenduaren 15eko aginduak "zenbait aldaketa sartzen ditu ikasleak onartzeko prozesuan, eta garrantzitsuenetako bat da berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasletzat jotzea, besteak beste, hezkuntza- eta gizarte-zaurgarritasun egoeran daudenak. Alde horretatik, dekretu horrek, indarreko oinarrizko araudiarekin bat, xedatzen du mota horretako ikasleentzat plaza-erreserba bat ezartzeko derrigortasuna egikaritu behar dela ikastetxe bakoitzeko berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleen ehunekoa kontuan hartuta".

Horrekin batera, aipatu aginduak ohartarazten du, "azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak" aintzakotzat hartuta, "garrantzitsua dela eskolako plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokitzea, eskaintza gehiegi edo gutxiegi egotea ekiditeko. Laburbilduz, eskaintzaren planifikazioak eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko".

Nortzuk matrikulatu
Matrikulazio garai horretan parte hartu beharko dute, "2 urteko gela batean onartuak izan nahi duten ikasleek, bai eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edozein mailatan ikastetxe horietakoren batean lehen aldiz sartu nahi dutenek ere. Halaber, jada eskolatuta egonda ikastetxez aldatu nahi edo behar duten ikasleek, edo hizkuntza-eredua aldatu nahi dutenek, onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute, aipatutako edozein maila edo etapa ikasteko".

Aldiz, "automatikoki bermatuko da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik".

Eskatzaileek nahi adina ikastetxe eskatu ahalko dituzte. "Eskatutako ikastetxeetan plazarik lortzen ez bada eta 2026-2027an ikasten jarraitzeko erreferentziako ikastetxerik ez badago, lurralde-ordezkariak plaza bat esleituko du eskatzailearen eragin-eremuaren barruan, II. eranskinaren hogeita seigarren jarraibidean ezarritakoaren arabera".

Egutegia
-Urtarrilaren 30era arte: ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea.
-Otsailaren 2tik 13ra: eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea.
-Otsailaren 13ra arte: eskabideak aldatu eta zuzentzea.
-Martxoak 4: eskatzaileen zerrenda argitaratzea eta onarpen-prozesuaren hasiera.
-Martxoaren 12ra arte: kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea.
-Martxoak 24: behin-behineko zerrendak argitaratzea.
-Apirilaren 13ra arte: behin-behineko zerrenden kontsulta eta haien aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan edota eskabidean atzera egiteko epealdia.
-Apirilak 21: behin betiko zerrenden argitalpena.
-Maiatzaren 25era arte: zerrenda horien kontsulta.
-Apirilak 24: Hezkuntzako lurralde-ordezkariek adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea.
-Maiatzaren 25era arte: zerrenda horien kontsulta. Behin betiko zerrendei eta lurralde-ordezkariak esleitutako lanpostuen zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde-ordezkariaren beraren aurrean.
-Maiatzak 4-8: estatistika-datuak grabatzea. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
-Irailaren 11ra arte: itxarote-zerrendaren, plazen erreserbaren eta ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia.

Informazio gehiagorako: urtarrilaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.