Prest zuen ibilbidea ezagutzera eman berri du AEK-k, ostegun goiz honetan. Zehaztua dago 24. Korrika noiz helduko den udalerri honetara eta nondik igaroko den.
2022ko eta 2024ko ediziotan gauez heldu zen euskararen aldeko lasterketa gure artera. Duela bi urte afalostean izan zen, gauerdiaren bueltan eta duela lau urte, goizaldean igaro zen. 2022an Aginagako Mapiletik Zubietako hipodromorako noranzkoan batu ahal izan zen herri hau Korrikara, 2024n ibilbide bera kontrako noranzkoan osatu zen.
Lehenago, 2019koan ere bai, baina orduko hartan eguerdi partean heldu zen. Oraingo honetan ere, zazpi urte geroago egun-argiz iritsiko da eta Zubieta aldetik. Oraingo honetan ere, Lasarte-Oriak helaraziko dio lekukoa udalerri honi Zubietako hipodromoan.
Hamaika kilometro
Azken edizioen antzera, astegun batean izango da, kasu honetan, asteazkenez, martxoaren 25ean eta eguerdi partean. 13:37 aldera helduko da 24. Korrika Zubietako hipodromoko zubira. Handik, Zubieta, Santuenea, Kalezar eta herri erdigunea edota Aginaga zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketa jendetsuenak.
Udalerri honetan, guztira, ordubete pasatxoz izango dugu datorren Korrika gure artean. Orotara, hamaika kilometroko bidea osatuko du inguruotan.
Hamaika kilometro izan arren, tarte horretan, lekuko aldaketa gehiago izango dira. Izan ere, herri eragile, elkarte, erakunde edota talde hainbatek erosten du kilometro oso bat edo erdi bat. Hartara, ekimena bera eta AEK finantzatzen laguntzen da eta trukean, gainera, tarte horretan lekukoa eramateko aukera eskuratzen da.
Aipatu moduan, oraindik ezin da jakin eta, beraz, ezin da zehaztu, nortzuk eramango duten lekukoa. Kilometroen erosketa epealdia otsailaren 1ean irekiko duela iragarri du AEK-k ostegun goiz honetan. Tarte hori igaro eta antolakuntzak lekukoa nork eta non hartu erabakitakoan jakinaraziko da.
24. Korrika Usurbilen
Eguna: martxoak 25, asteazkena.
Ordutegia: 13:37-14:47.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.
| Ordua | Helbide zehatza | Kilometroa |
| 13:37:35 | Hipodromo etorbidea zubia | 1.784 |
| 13:44:05 | Irigoien kalea 34 (Zubietako Lanbide Eskola ingurua) | 1.785 |
| 13:50:33 | Learritza ibilbidea 23 (Zubietako Etxetxo ingurua) | 1.786 |
| 13:57:03 | Amiri ingurua | 1.787 |
| 14:03:33 | Santueneako autobus geltokia | 1.788 |
| 14:10:46 | Belmonte kalea 1 | 1.789 |
| 14:17:12 | Borda Berri kalea 3 | 1.790 |
| 14:23:03 | N 634 5. kilometroa | 1.791 |
| 14:29:30 | N634 6-7 kilometroa | 1.792 |
| 14:36:39 | N634 7-8 kilomeroa | 1.793 |
| 14:41:43 | N634 7. kilometro amaiera | 1.794 |
