Iazko Euskaraldiaren urtearen ondotik, Korrikarena izango dugu 2026. urte hau. AEK-k dagoeneko euskararen aldeko 24. lasterketako leloa, mezua, abiapuntua, helmuga, datak, omendua, bideoklipa edota abestia ezagutarazi zituen azaroan eta abenduan.
Ibilbidearen txanda da orain. AEK-k berak eskuragarri jarritako aplikazioaren bidez iragarria duenez, ostegun honetan, urtarrilaren 8an ezagutaraziko du datorren edizioko ibilbide osoa; baita, beraz, Usurbil aldera noiz eta nondik helduko den, zer egun eta ordu-tartean, baita zer nolako zeharkaldia egingo duen ere udalerri honen barruan.
Gogoan izan, 2022ko eta 2024ko edizioetan gauez iritsi zen Korrika gure artera. 22. edizioa goizaldean eta duela bi urtekoa afalostean, gauerdiaren bueltan. Datorrena noiz helduko den, ostegunean jakingo da.
Momentuz, hemen duzue, orain arte AEK-k 24. Korrikaz jakinarazitakoaren berri:
24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…
Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.
Informazio gehiago:
korrika.eus
Antolatzailea: AEK.