24. Korrika

Korrikan parte hartu edo laguntzeko hainbat bide

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 8a

Martxoaren 19tik 29ra egingo den 24. Korrika ere bada AEK sostengatzeko elkartasun ekimena ere. Datorren ediziora begira, deialdiarekin bat egin nahiz laguntzeko modu bat baino gehiago dago jada.

Urtero euskararen aldeko aldarria herri bizitzaren erdigunean izateko Euskaraldia eta Korrika txandakatzea erabaki zen. Honenbestez, iaz estreinakoz udaberrian eginiko 4. Euskaraldiaren ondotik, 24. Korrikaren txanda izango dugu abiatu berri dugun urte honetan.

Martxoaren 19an emango zaio hasiera Zuberoako Atharratzen euskararen aldeko lasterketari, antolatzaileek jakinarazi moduan, "hainbat arrazoirengatik; nagusia, hauxe: Korrikaren “itzalguneetako” bat da Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen (4. KORRIKA); hots, Atharratzetik abiatu zen urtean".

Euskara sustatu eta plazaratzeko beharra nabarmena da bertan. "Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela % 15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Xiberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea".

Materiala eskuragarri
Bilbon helmugaratuko da 24. Korrika AEK-k azaroan jakinarazi moduan. Mezua, aldarria, abestia, bideoklipa, omendua nor izango den... eta xehetasun gehiago jakinaraziak dituzte antolatzaileek ordutik.

"Euskara Gara" aldarripean bideratu eta Errigora egitasmoa omenduko duen ekimenerako atzerako kontaketa martxan da jada. Korrikarekin bat egin nahiz laguntzeko hainbat bide dituzue jada. Horien artean, Korrikak zabalik du dagoeneko sarean, materiala saltzeko denda. Hiriburuetako saltoki fisikoak ere zabalik dituzte. Aipatzekoa, guneotan, besteak beste, salgai izango dituzuela petoak, nobedade batekin; segurtasun banda koloretsua izango dute gau partean ikusgarritasuna emateko.

Usurbilera etorrita, dagoeneko Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegikoak urte amaieran hasi ziren materiala saltzeko postua jartzen azoketan. Euskaltegian ere eskuragarri izango du datozen asteotan.

Korrika Laguntzailea
Ekimena sostengatzeko Korrika Laguntzaile ere izan gaitezke. Izan ere, "Korrikaren helburu garrantzitsuenetako bat da euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoak eskuratzea eta euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzea. Korrikak jasotzen duen dirua, beraz, Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabiltzen dugu".

Horretara dator, Korrika Laguntzailea kanpaina. 15 euroko ekarpenaren truke, "edizioko pina eta txartel birtuala*" jasotzen dira, baita 600 sari baino gehiagoren zozketetan parte hartzeko aukera ere, Korrikaren nahiz AEK-ren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak... Helbide honetan duzue xehetasun gehiago: https://korrika.eus/eu/laguntzailea/izan-laguntzailea

24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…


Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.

Informazio gehiago:
korrika.eus

Antolatzailea: AEK.