24. Korrika

Inoizko Korrika parte hartzaileena izatea nahi du AEK-k

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 8a

Badator 24. Korrika eta badakigu noiz. Geure artean, martxoaren 25ean izango dugu, eguerdi partean,13:37an hasita ordubete pasatxoko tartean. Zubietako hipodromoko zubitik Aginagaraino joango zaigu datorren edizioa. AEK-k ibilbideari buruzko xehetasunen berri eman du ostegun goiz honetan.

AEK-k ezagutarazi berri du 24. Korrikaren ibilbidea. Bagenekien martxoaren 19an hasiko dela, "Euskara Gara" aldarripean Zuberoako Atharratzen, aurreko edizioa Baionan amaitu ostean. Bagenekien martxoaren 29an amaituko dela Bizkaiko hiriburuan, Bilbon. Tarte horretan, nondik eta noiz igaroko den ostegun goiz honetan, urtarrilaren 8an jakinarazi dute antolatzaileek.

Usurbil martxoaren 25ean zeharkatuko du euskararen aldeko lasterketak. 13:37 aldera sartuko da Zubietako hipodromoko zubitik eta Zubieta, Santuenea, herri erdigunea edota Aginagatik igaroko da. Hamaika kilometro egingo ditu udalerri honetan, ordubete pasatxoko tartean.

Aplikazioa
AEK-k nabarmendu duenez, inoizko edizio parte hartzaileena izatea nahi dute. Guztira, 2.175 kilometro izango ditu euskararen aldeko 24. lasterketak hamaika egunez. 3.436 lekuko-hartze inguru izango direla aurreratu du.

Martxoaren 25ean, Usurbilen egon ezin zaretenok edota lasterketarekin behin baino gehiagotan bat egiteko ohitura ere badenez, segidan duzue 24. Korrikaren ibilbide osoa.

Usurbildik irtenda, eskualdea noiz zeharkatuko duen edota hiriburuetara noiz iritsiko den zehaztua duzue. Xehetasun gehiago korrika.eus bidez jaso ahalko dituzue edota deskargatu ez baduzue, baita Korrikaren aplikazioan ere. IOS zein Android bertsioentzat jarri dute eskuragarri.

AEK-k nabarmendu moduan,  "24. Korrikaren kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileek izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere. Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko dizkiegu aplikazioaren erabiltzaileei".

Horrez gain, lasterketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du aipatu aplikazioak. "Batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren hots, erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa—; horri lotuta, interesgarria da jakitea aplikazioak bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dauden herri, eskualde eta/edo kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko ditugu 24 orduz".

Lasterketari buruzko xehetasun gehiago ere ezagutzeko bidea izango da mugikorretarako euskarri hau. "Ohiko atalak ere baditu, jakina: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan. Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri primizian jasotzeko —orain arteko gertaerak: aurkezpena, abestia, ibilbidea...—".

24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.

Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37.

Eskualdean
Martxoak 24, asteartea:
00:13 Andoain.
00:56 Urnieta.
01:20 Hernani.
02:04 Astigarraga.

Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.

Hiriburuetan
-Martxoak 19, osteguna: 17:00 Maule.
-Martxoak 20, ostirala: 03:03 Donibane Garazi.
-Martxoak 22, igandea: 11:48 Iruñea.
-Martxoak 24, asteartea: 21:44 Baiona.
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.

Herrialdez herrialde
Martxoak 19, osteguna: Zuberoa-Nafarroa Beherea-Lapurdi.
Martxoak 20,  ostirala: Nafarroa Beherea-Nafarroa.
Martxoak 21, larunbata: Nafarroa.
Martxoak 22, igandea: Nafarroa.
Martxoak 23, astelehena: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa.
Martxoak 24, asteartea: Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.

Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa