Egunotako elur eta hotzaldiaren ondotik, haizea eta euria datozkigu, "Goretti" izena jarri dioten ziklogenesi leherkorra tarteko. Ekaitzak gure artera, bereziki, haizea ekarriko digu eta horregatik, abisu horian izango gara ostegun eta ostiral honetan, urtarrilaren 8an eta 9an hurrenez hurren; hasteko, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, ostegun arratsalde honetan, 15:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, "hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke".
Bihar, hilaren 9an, berriz izango da abisu hori bera, goizaldeko 6:00etan hasi eta gauerdira arte. Euskalmet-en arabera, tarte horretan, "haizeguneetan mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldeko haizeguneetan eta egunaren erdiko orduetan. Bestalde, Bizkaia eta Gipuzkoako haizeguneak ez diren lekuetan, mendebaldeko haize boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki kostaldetik gertu gelditzen diren lekuetan eta egunaren erdiko orduetan".
Egunotarako iragarpena
Giro honekin, beraz, ostegun honetan, urtarrilaren 8an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta arratsaldean hodeiak gutxituko dira. Goizaldean eta azken orduetan euria egingo du. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean hego-mendebaldetik finkatu eta zakartu egingo da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoak nabarmen igoko dira eta maximoak nahikoa".
Ostiralean, hilaren 9an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, zenbait lekutan baliteke iraunkorra izatea. Baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egitea. Mendebal-osagaiko haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".
Larunbatean, hilaren 10ean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Gauean atertzera egingo du. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; arratsaldean indarra galduko du. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.