Egunotan aurreratu moduan, Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak bi hilean behin lehen astelehenetan finkatzen duen odola emateko hilabete honi dagokion saioa, atzeratu egin dute. Hilaren 26an izango dela jakinarazi dute. Baina bigarren hitzordu bat ere iragarri dute bezperarako, hilaren 25erako, iganderako hain zuzen.
Urtero, bazkari baten bueltan biltzen dira herriko odol-emaileak. Aurten ere hala izango da, urtarrilaren 25ean hain zuzen, Atxega jauregian. Otordura joan nahi duenak izena eman dezake jada bideotatik, hilaren 21era arte: 619 125 644 (Mari Jose) edo 943 363 102 (Agustina). Menua 40 eurokoa izango da. Bazkari horren bitartez, urtero odol-emate hainbat egindako herrikideak omentzen dituzte. Aurtengoan, 25 eta 75 aldiz odola emandako bi herrikideri egingo diete gorazarre.
Eskertza
Usurbilgo odol-emaileen elkarteak eskerrak helarazi zizkien urte amaieran, odola ematera gerturatutako herritar guztiei. 2025ean, aipatu bilgunetik jakinarazi zutenez, 224 odol-emaile gerturatu ziren, urtean zehar izandako hitzorduetan eta hauetatik 195 odol poltsa bildu zituzten. Emaileen artean azpimarra jarri zuten iaz, emaile berriak 10 izan baitziren. Pozik daude gerturaturiko emaile berriekin ere.
Estreinatu berri dugun 2026. urterako odol-emateen egutegia finkatu dute jada:
2026ko odol-emateak
Egunak: urtarrilaren 26a, martxoaren 2a, maiatzaren 4a, uztailaren 6a, irailaren 7a eta azaroaren 2a.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus
Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.