Parte hartze marka hautsi zuten eta aurtengoan ere, deialdia errepikatzea erabaki dute. Guztira, 108 herrikideek parte hartu zuten iazko edizioan Donostian izandako 35. Lilatoian. Inoiz ez zuen herri honek hainbesteko ordezkaritzarik izan hitzordu horretan. Hein handi batean, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxetik eginiko deialdiari esker izan zen, 83 emakume izan baitziren talde horrekin bat egin zuten herriko emakumeak.
Izan ere, etxe horren izenean taldea osatu eta Gipuzkoako hiriburuko Lilatoian talde gisa parte hartzeko proposamena egin zuten. Aurretik, elkarrekin entrenatu eta hitzordua prestatzeko hainbat bilkura ere egin zituzten.
Albiste honi atxikitako irudia da Usurbilgo Emakumeon Etxetik Lilatoi egunean atera eta helarazi ziguten talde argazkia.
Ahalik eta azkarren izena emateko deia
Deialdiak izandako harrera ikusita, esperientzia errepikatzekotan dira aurtengoan ere. Usurbilgo Emakumeon Etxetik Usurbilgo Udalaren bidez jakinarazi dutenez, aurtengo Donostiako 36. Lilatoian talde gisa parte hartzeko gonbita egin du bertako talde sustatzaileak. Martxoaren 1ean izango da 2026ko edizioa, goizeko 10:00etan abiatuko da Bulebarretik.
Horretarako, beste ezer baino lehen, proban bertan izena eman beharra dago rockthesport.com atarian. Otsailaren 17ra arteko epealdia finkatua du antolakuntzak zeregin horretarako, baina izen-emateak pilatzen doazela ikusita, parte hartu nahi dutenek tramite hau ahalik eta azkarren egiteko deia egin dute.
Adi, Emakumeon Etxeko talde sustatzailetik ohartarazi dutenez, "Izena ematerakoan, “Grupos: pago individual” aukeratu, eta “Nuevo componente de equipo” aukeran klik egin behar da" eta segidan, "Usurbilee26" Usurbilgo Emakumeon Etxeko kodea sartu behar da. Ondoren, "datuak bete eta 15 euroko ordainketa egin".
Behin izen-ematea bideratuta, ondoko pauso hauek ere eman beharko dira. "Lasterketaren antolatzaileei (lilatonlilaton@gmail.com) mezu elektroniko bat bidali beharko diote Usurbilgo Emakumeon Etxearen taldean parte hartu nahi dutela esanez".
Hortik aurrera, iaz bezala, martxoaren 1eko Lilatoirako osaturiko taldeak elkarrekin entrenatzeko aukera izango du. Horri buruzko xehetasunak aurrerago emango dituzte, Usurbilgo Emakumeon Etxeko whatsapp kanalaren bidez.
Usurbilgo Emakumeon Etxearen datozen deialdiak
Urtarrilak 17, larunbata
19:00 "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" emanaldia Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean.
Zehaztasunak: "Infinitudrama konpainiaren eskutik. Poesia, performanzea eta umorea nahasten dituen emanaldi honetan, bi aktorek laguntasunaren ospakizun kritiko bat sortuko dute, publikoa eskutik hartuta. Euforiaren aparretan agertuko dira adiskidetasun erromantikoa eta taldearen apologia. Zaratak utzitako tarteetan berriz kontraesanak, galderak eta galerak. Gonbidatuta zaude".
Sarrerak: doan, usurbilkultura.eus plataformaren bidez.
Martxoak 1, igandea
10:00 36. Lilatoia Donostiako Bulebarretik. Usurbilgo emakumeei taldean parte hartzeko deia egin die Emakumeon Etxeak.
Xehetasun gehiago, bideotatik jaso ahalko dira:
943 377 112 / emakumeonetxea@usurbil.eus / usurbilgoemakumeonetxea.eus
