"Goretti" ziklogenesi leherkorra

Gaur ere abisu horian haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 9a

Atzo bezala, gaur ere abisu horian izango gara egun osoan zehar haizeagatik, gure artean izango dugun "Goretti" izeneko ziklogenesi leherkorraren eraginez.

Ostegunaz geroztik gertatu moduan, haizeagatik abisu horian jarraituko dugu gaur ere, urtarrilaren 9an. "Goretti" izeneko ziklogenesi leherkorrak eragindako ekaitzaren ondorioa izango da. Goizaldeko 6:00etan hasita, gauerdira arte izango da indarrean. Tarte horretan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "haizeguneetan mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake, bereziki kostaldeko haizeguneetan eta egunaren erdiko orduetan. Bestalde, Bizkaia eta Gipuzkoako haizeguneak ez diren lekuetan, mendebaldeko haize boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki kostaldetik gertu gelditzen diren lekuetan eta egunaren erdiko orduetan".

Astebururako iragarpena
Giro honekin gaur, hilaren 9an, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Egunaren lehen zatian baliteke han-hemenka euri txikia egitea. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira".

Larunbatean, hilaren 10ean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Gauean atertzera egingo du. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; arratsaldean indarra galduko du. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Azkenik, aste gorabeheratsu hau borobiltzeko, igandean, hilaren 11n, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Egunaren lehen zatian baliteke han-hemenka euri txikia egitea. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.