Mari Domingiri eta Olentzerori eginiko harrera jendetsua izan genuen Usurbilen; bezperan, Olentzero lehen aldiz ikusi zuten Aginagan. Banatu ziren, aurreko asteetan herriko saltokietan erosketak egin zituztenen artean, herriko kultur sorkuntzaz eta ekoizpenaz ederki hornituriko 650 Usurbil Bizi Otarren egitasmoko ehun saski. Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilago elkarteak sustaturiko egitasmoarekin bat egin dute aurten Usurbilgo 33 ekoizleek.
Saltokiak aipatuta, dendariek antolaturiko Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketarekin agurtu genuen 2025. urtea, herri merkataritzaren eta ostalaritzaren erdiguneari bi itzuli emanez korrika hainbat herrikideek. Gogotik saritu zuten, herritarren atxikimendu hau dendariek, ekimenaren amaieran zozketaturiko sariekin.
Haur eta gaztetxoek izandako ia hiru asteko oporraldian zehar, ez dute aspertzeko tarte handiegirik izan. Izan ere, Usurbilgo Udalak Oiardo kiroldegian antolaturiko gabonetako haur parkean primeran pasa zuten. Gaztelekuak hainbat txango egin zituen Donostiako Txuri Urdinera. Ziortza Gazte Elkarteak, erregeen kabalkada antolatu zuen hotzaldi betean heldutako Baltasar, Meltxor eta Gaspar erregeentzat. Aurretik, urtea, Andatzan agurtu zuten eta lehenago, San Tomas festa ere ospatu zuten.
San Tomas egunez hain zuzen, Santuenean musikaz, jan-edanaz nahiz sorkuntza tailerrez giroturiko festatxoa antolatu zuten. Horrez gain, famili giroko mahai-jolasen topaketa edota buztingintza saioak. Izan ere, Usurbilgo herri eta auzoak bizi asko egon dira asteotan. Aginagan ere, Olentzeroren etorrerarako Eliza Zaharraren eremua apaintzen aritu ziren, talo tailerrarekin giroturiko arratsalde pasan.
Oporretara, gainera, kantuan joan zen belaunaldi gazteena, ikastetxeek antolaturiko gabon giroko kantu saioekin. Eta ekimen gehiago ere izan dira; kirol taldeek antolaturiko urte garai horretarako txapelketa bereziena, tartean.
Asteotan Usurbilen bizitakoaren albiste bilduma, esteka honetan batu dugu: "Negu hasierako ospakizunak" kanalean hain zuzen.