Lankidetzan bat eginik, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa eta Tokikom

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 9a

Lankidetzan bat egitea erabaki dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, NOAUA! K.E. kide duen Tokikom euskarazko tokiko hedabideen sareak, Hamaika Telebistak, Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibak eta Goiener Energia Berriztagarrien Sorkuntza eta Kontsumo Kooperatibak.

Lankidetza eta elkar laguntza indartzeko ahalegina egitea adostu dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, NOAUA! K.E. kide duen Tokikom euskarazko tokiko hedabideen sareak, Hamaika Telebistak, Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibak eta Goiener Energia Berriztagarrien Sorkuntza eta Kontsumo Kooperatibak. Haien guztien esanetan, helburuok ditu lankidetza indartzeko emandako urrats honek. “Euskal pilota sustatzea, enpresa eta telekomunikazio euskaldunak indartzea, eta herritarrengana mezu zuzena zabaltzea: elkarlana eta elkar laguntza ezinbestekoak direla, denok indartsuagoak izateko”.

Pilota federazioko presidente Iñaki Lizasoren esanetan, "euskal txapel handi baten azpian babestu eta indartuta ikusi nahi ditugu gure ondarea osatzen duten zutabeak: euskal pilota, hizkuntza, gizartea eta tokiko enpresa euskaldunak, telekomunikazio eta komunikabideak barne".

Izan ere, bere hitzetan, kirol hegemonikoek hartutako lekua ikusita, zailagoa izaten da euskal pilotaren hedapena. "Horregatik, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da gurea indartzea, zabaltzea eta balioan jartzea. Guk gurea denaren alde egin behar dugu. Gure gazteek, neskek, mutilek, herriko pilotari eta pilotazaleek jakin behar dute badela gurea den bide bat; etorkizunari begira, sendoa eta herrikoia“. Ezinbestekotzat jo zuen, sinergiok sortzea "denon artean gure mezua herritarrengana" eramateko. 

Ikusgarritasuna
Izarkomek final guztien konexioa ziurtatu eta eta Trinketeko Gipuzkoko Txapelketa babestuko du. Emakumeen pilota sustatuko du Goienerrek pilota federazioarekin aldez aurretik sinaturiko eta berritua duten hitzarmenaren baitan;  "emakumeen eskuz banaka lau t’erdiko Gipuzkoako Txapelketa Goiener Saria izango da".

Hamaika Telebistaren kasuan, haien helburuen artean kokatzen dute kirol jarduera hau sustatzea, ikusgarritasuna ematea. Horregatik, Gipuzkoako ia final gehienak telebistaz grabatu eta eman asmo dituzte, tartean, "jokamolde ezagunak eta hain ezagunak ez direnak ere bai: ezker horman eskua, zesta-punta, erreminta, joko garbia…; trinketan eskua, xarea…; errebotea… Eta telebistaz emango diren finalen erdiak emakumeek jokatutakoak izango dira".

Tokikomek ere hedapen horrekin bat egingo du. Bertako Administrazio Kontseiluko kide eta Infosare toki telebisten sareko zuzendari Jon Aldanondoren esanetan, “ohituta gaude euskalpilota medio handietan ikusten, baina guk tokikoetan ere lekua egin nahi diogu; gainera, lan profesionala eginez. Gure misioan kokatzen da; beraz, medio guztietan zabalduko dugu eta kalitatez egindako lana izango da”.