EAJ-PNV, autokarabanen presentzia eta aparkalekua arautzearen alde

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 14a

"Azken urteotan nabarmen handitu da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen presentzia Usurbilen", eta fenomeno honi modu errealista batean aurre egin behar zaiola uste du alderdi jeltzaleak, "bizikidetza bermatuz eta herritarren bizi-kalitatea lehenetsiz".

Usurbilgo EAJ-PNVk dio behin eta berriz jaso dituela herritarren kezkak egoera honen inguruan. Arazoa bereziki agerikoa da Olarriondo inguruan, "baina ez da gune isolatua: aurretik ere antzeko egoerak gertatu dira Errekatxikin, Ariztitxoko aparkalekuan edo Alperroburu aldean, ikastolaren ondoan. Erregulazio argirik ezean, denbora luzez irauten duten aparkaldiak, espazio publikoaren okupazio desegokiak, hondakinen edo isurien arazoak eta udaltzaingoaren jardunerako zailtasunak errepikatuko dira", EAJren hitzetan.

Hiri-bideetako ibilgailuen aparkalekua udalaren eskumena dela kontuan hartuta, EAJ-PNVk mozio bat erregistratu du hurrengo osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. "Helburua argia da: autokarabanen fenomenoari modu errealista, orekatu eta juridikoki sendoan heltzea, bizikidetza bermatuz eta herritarren bizi-kalitatea lehenetsiz".

Mozioak lau puntu nagusi ditu. "Lehenik eta behin, Usurbilgo Udalak autokarabanen aparkaleku errealitateari erantzuteko borondate politikoa adieraztea proposatzen da, espazio publikoaren erabilerarako eskubidea, hiri-ingurunearen babesa eta bizilagunen ongizatea bateragarri eginez".

 

Ordenantza berri bat idatzi edo dagoena egokitu

Bigarrenik, udal-ordenantza espezifiko bat idaztea edo indarrean dagoen araua egokitzea planteatzen da, autokarabanen aparkalekua modu argian arautzeko. "Ordenantza horrek gutxienez honako irizpide hauek jaso beharko lituzke: gune jakinetan aparkatzeko denbora-mugak ezartzea txandakatzea edo errotazioa sustatzeko; arau-hausteen eta santzioen erregimen zehatza definitzea, espazio publikoaren okupazio desegokiari mugak jartzeko; eta hartzen diren neurriek segurtasun juridikoa bermatzea, bai herritarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat".

 

Azterketa tekniko baten premia

Hirugarrenik, mozioak azterketa tekniko bat egitea proposatzen du, autokarabanentzako aparkaleku arautu bat prestatzea bideragarria izan daitekeen baloratzeko.

Azkenik, seinalizazio egokia ezartzea eta informazio-ekintzak indartzea planteatzen da, bai egoiliarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat, eta Udaltzaingoarekin koordinazioa sendotzea, araudia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko.

Usurbilgo EAJ-PNV: "Araudi argia izatea da gatazkak saihesteko eta Usurbilen elkarbizitza eta espazio publikoaren erabilera egokia bermatzeko tresnarik onena"

 

EAJ-PNV Usurbilek azpimarratu nahi du mozio honek ez duela inor seinalatzen," baizik eta gero eta presenteago dagoen errealitate bati irtenbide ordenatuak ematea duela helburu, beste udalerri askok jada egin duten bezala".