Gaur, urtarrilaren 12an, estreinatuko du Euskal Telebistaren erdarazko kateak "El Conquistador del Caribe" izeneko abenturazko reality show saio ezagunaren 22. edizioa. Laugarren urtez segidan, EITB-k iragarri moduan, aurkezleetako bat Usurbilgo Lur Errekondo izango da, Patxi Alonso eta Julian Iantziren itzulerarekin batera.
"Muturreko proben eta momentu ahaztezinen lekuko izango dira berriz ere Los Haitiseseko oihana eta paraje ikusgarriak", aurreikusi du EITB-k. Horrekin batera, aurtengoa "abentura bikoitza izango dela" aurreratu dute aurkezleek. Horren esanahia astelehen honetan bertan, hilaren 12an argituko dute, ETB2 kateak gaueko 22:20an eskainiko duen 22. denboraldiko estreinako saioan.
Miramongo estudioetatik eskainiko duten zuzeneko programa horretan, aurtengo 31 lehiakideak aurkeztuko dituzte. Tartean omen dira, pilotariak, futbol taldeetako atezainak, arraunlariak, abeslariak, bikiak...
Lur Errekondo berak eta Patxi Alonsok aurkeztuko duen programan lehiakideen taldeak osatuko dituzte, lehen kapitaina nor izango den ere jakinaraziko dute edota lehiaketa egingo den lurraldea ezagutaraziko du Julian Iantzik.
2022tik
"El Conquistador" saioaren aurkezle lanetan jardungo du laugarren urtez jarraian, aipatu moduan, Lur Errekondok. Usurbilgoa 2022. urtean hasi zen zeregin horretan. Izan ere, 2023, 2024 eta 2025eko abenturazko programa hau gidatzen hasi aurretik, euskarazko telebista katean ekin zion aurkezpen lanei, antzeko formatu batean hain zuzen; "Naufragoak" izeneko ETB1-eko saioan.