Bi aste eskas, aurtengo Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako. Urtarrilaren 25ean izango da, mendiko bizikleta gainean Irisasi inguruko itzulia egitea ahalbidetuko duen aurtengo edizioa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "parte hartzaileen zenbatekoa gorantz doa". Hamalaugarren saiorako plazen %70 betea dute jada, gehienez 500 lagunentzako tokia egongo da.
Baina gogoan izan, izen-emateak zabalik segiko du hilaren 23ra arte, 28 euroren truke kronoak.com atarian. Udazkenaz geroztik gogorarazi izan duten moduan, izen-emandako lehenengo 400 partaideek maillota jasoko dute opari.
Ez dira opari bakarrak izango. "Zozketatzeko opari mordoa izango da beste urte batez" parte hartzaileen artean, antolakuntzatik ohartarazi dutenez eta "hamaiketakorako? Janari eta edari pila izango duzue!". Sorpresa gehiago iragarri dituzte baita, txirrindulariek jasoko duten poltsan.
Ohi bezala, hilaren 25eko ekimenean barneratuko direnek bi ibilbide izango dituzte aukeran; bat luzeagoa, teknikoagoa eta, bestea, motzagoa. "Ibilbideak prest ditugu", zehaztu dute antolatzaileek. Horregatik, iragarri dutenez, "laster, ordutegien eta informazio orokorraren berri emango dizuegu".
Bi ibilbide
Urtero moduan, antolatzaileek gogorarazi dutenez, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ez da ekimen lehiakorra, lagunartekoa baizik. Ibilbidean zehar, hornidura zerbitzua eskainiko da baita helmugan ere, frontoian. Pilotalekuan bertan, parte hartzaileen artean zozketak egingo dituzte. Zozketetan sariren bat egokituko zaien parte hartzaileen dortsal zenbakiak frontoian bertan jarriko dituzte.
Bizikleta elektronikoarekin parte hartu ahalko dela ohartarazi dute. Adin txikikoak ere irten ahalko dira, beti ere heldu baten laguntzarekin. Helduak baimena emateko agiria sinatu beharko du eta horren bidez, une oro, proba adin txikikoarekin batera egingo duela hitz eman. Adin txikikoen izen-ematea doakoa izango da. Datuak helbide honetara bidali ahalko dira: irisisasibtt@gmail.com.
Proba egunean ezingo da izena eman. "Gurekin egun eder bat pasa eta bizikletaz eta Andatzaz gozatu nahi baduzu, aukera zoragarria duzu!", egin dute gonbita.