Urte garai honetan ohikoa izaten da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzaren esanetan, iragandako ospakizun asteok tarteko, odol erreserben kopurua murriztea. Gutxitze hori, ordea, aurtengoan nabarmenagoa izaten ari da, gripea aurreratu egin delako. Ondorioz, abenduan gaixotasun hori zutenen herritar kopuruak goia jo zuen eta odol-emateak eskasagoak izan ziren.
Testuinguru horretan, Jaurlaritzak ohartarazi duenez, "erreserbak baxu daude odol-talde guztietan". Horregatik, "Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) gogorarazten du odola ematea dela oraindik ere transfusiorako edo plasmatik eratorritako medikamentuak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra, ezinbestekoak jarduera sanitarioan".
400 emaile egunero
Laguntzarako deia egin dute. "Egunero 400 odol-emate inguru behar ditugu Euskadin", ohartarazi dute. Horrek pertsona askoren bizitza salba dezake. "Izan ere, odola hainbat osagaitan banatzen da premia medikoei erantzuteko: tratamendu onkologiko, ebakuntza eta larrialdietarako edota paziente akutu eta kronikoentzako medikamentuak egiteko. Guztira, 82.000 osagairen transfusioa egin zen, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik osasun-zentroetara banatuta, pazienteen bizitza salbatzen edo haien osasuna hobetzen laguntzeko".
Iaz, "46.418 emailek 79.107 odol-emate egin zituzten" Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Jaurlaritzak zehaztu duenez. Tartean, 6.599 emaile berri izan ziren. Emate guztiotatik, "68.415 globulu gorri kontzentratu eta 11.504 plaketa-dosi lortu ziren, eta 22.224 plasma-litro immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albuminak eta abar prestatzeko erabili ziren".
Usurbilen hilaren 26an
Kopuru horien baitan dira, Usurbilen izandako odol-emateak ere. Usurbilgo odol-emaileen elkarteak jakinarazi zutenez, 224 odol-emaile gerturatu ziren iaz Udarregi ikastolara, urtean zehar izandako hitzorduetan eta hauetatik 195 odol poltsa bildu zituzten. Emaileen artean azpimarra jarri zuten iaz, emaile berriak 10 izan baitziren. Pozik daude gerturaturiko emaile berriekin ere.
Odola ematen segitzera deitu dute, Jaurlaritzak egin bezalaxe. Urteko lehen odol-ematea hilaren 26an izango da Udarregi ikastolan.
Bilkura
Baina bigarren hitzordu bat ere iragarri dute bezperarako, hilaren 25erako, iganderako hain zuzen. Urtero, bazkari baten bueltan biltzen dira herriko odol-emaileak. Aurten ere hala izango da, urtarrilaren 25ean hain zuzen, Atxega jauregian. Otordura joan nahi duenak izena eman dezake jada bideotatik, hilaren 21era arte: 619 125 644 (Mari Jose) edo 943 363 102 (Agustina). Menua 40 eurokoa izango da. Bazkari horren bitartez, urtero odol-emate hainbat egindako herrikideak omentzen dituzte. Aurtengoan, 25 eta 75 aldiz odola emandako bi herrikideri egingo diete gorazarre.
2026ko odol-emateak
Egunak: urtarrilaren 26a, martxoaren 2a, maiatzaren 4a, uztailaren 6a, irailaren 7a eta azaroaren 2a.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus
Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.