Milaka lagun batu zituen beste urte batez, Sarek larunbatean, urtarrilaren 10ean Bilbon deituko manifestazio nazionalak. "Ezin da gehiago luzatu" aldarripean elkartu zituen, besteak beste, Usurbildik joandako herrikideak ere.
Balantze baikorra plazaratu du Sarek duela bi egun eginiko mobilizazioaz. "Urtez urte, milaka pertsonek euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko politiken amaiera modu baketsu eta demokratikoan aldarrikatzen dutenean, pentsa daiteke ezin dela hainbeste jende oker egon", nabarmendu du Sarek.
Kopuruan soilik ez, partaideen arteko aniztasunari ere erreparatu diote aipatu mobilizaziorako antolatzaileek. "Beste urte batez, Bilboko kaleetan ikusi zen aniztasun ideologikoa azpimarratu nahi dugu. Jende horiek, beren jarrerarekin, adierazi zuten ez duela axola norekin zoazen, baizik eta garrantzitsuena giza eskubideen defentsa dela, eta hor demokrata guztiok egin behar dugula topo".
"Hau da jarraitu beharreko bidea"
Urteotan, bereziki azkeneko hiru urteotan orain arte egindako bideaz pozarren agertu dira. "Hori euskal gehiengo politikoen, sindikalen eta gizarte zibilaren zati handi baten arteko adostasunaren bidez egin dugu, kasu honetan, Sarek ordezkatuta. Hau da jarraitu beharreko bidea. Hori izango da, aurrerantzean ere, hasi berri den urte honetako jarduera-ildoa".
Barneratu berri garen urte honi dagokionean ere, Saretik iragarri dutenez, "jarrera-aldaketa eskatzen jarraituko dugu esparru politikoan eta judizialean. Urte honek salbuespen-politika guztien amaiera izan behar du. Dagoeneko zaharkituta dauden legedien bidez aplikatzen direnak, hala nola, 40 urtera arteko askatasun-gabetzearen kondenak; epaile eta fiskalen jarrerak, errebantxak baino gehiago justiziak gidatuta, eta espetxeetako eguneroko bizitzan euskal presoak Euskal Espetxe Eredua deitu denaren xede izateko beharra. Espetxe-politika humanistan eta salbuespenen amaieran oinarritutako eredua".
Eskakizun horiek "gizarte zibila protagonista izango duen ekimenen bidez islatuko ditugu" iragarri du Sarek. Usurbili dagokionean, aldaketarik ez bada, hurrengo mobilizazioa urtarrilaren 30ean izango da, ohi bezala, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.