Hasiz Hazi dirulaguntza deialdiari lotutako ebazpena behin betiko onetsi du Udalak

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 12a

Argazkia: Kabiene.

Azaroaren 24an argitaraturiko ebazpena behin betiko onartutzat jo du Usurbilgo Udalak, astelehen honetako, urtarrilaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Ekintzaileei Kabiene Elkarlan Gunean urtebetez haien proiektuak garatzea ahalbidetzen dieten Usurbilgo Udalaren beka deialdia da Hasiz Hazi izenekoa. Urteroko dirulaguntza deialdi hau, gainerakoekin batera, iazko otsailaren 14an plazaratu zuen Udalak. Hortik aurrera, aurreko urteetan bezalaxe, bi epealdi finkatu zituen interesdunek eskabideak aurkez zitzaten. Lehenengo epealdia maiatzaren 31ra artekoa izan zen. Tarte hartan ez zen eskabiderik aurkeztu. Bigarren epealdia, irailaren 30era artekoa izan zen. Kasu horretan bai, eskaera bat jaso zuen Udalak.

Eskabide horri lotutako behin-behineko ebazpena izan zen azaroaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez Usurbilgo Udalak plazaratu zuena, orain; astelehen honetako, urtarrilaren 12ko GAO bidez berri eman duenez, behin betiko onetsi duena.

Urte hasieran eginiko dirulaguntza deialdi horren xehetasunak dituzue segidan:

Hasiz Hazi dirulaguntza deialdia
Xedea: 2025 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko. Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari.
Lehentasunezko baldintzak: Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua egotea, enpresa proiektu berri bat garatzen aritzea…
Partida: 4.500 euro.
Dirulaguntzaren zenbatekoa: gehienez 1.742,40 € urte osorako.
Dirulaguntzaren ordainketa: %80a dirulaguntzaren ebazpena jakinarazterakoan, gainerako %20a memoria eta agiriak aurkeztu ostean.
Eskabideetarako epealdia: irailak 30.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.