2026ra begira

Iazko hiru egunak deklaratu ditu baliogabe Udalak aurtengorako

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 12a

Jaiegun ofizialetatik haratago, hiru egun deklaratu ditu Usurbilgo Udalak aurtengo egutegian baliogabe haien eguneroko jardueran. Iazko berak izango dira.

Finkatua dago 2026. urterako jaiegunen egutegi ofiziala. Egutegian gorriz agertuko zaizkigun egun gehienak Eusko Jaurlaritzak onarturiko egutegiari lotutakoak dira, bada bat Gipuzkoako Foru Aldundiak izendaturikoa, herrialde mailakoa eta, azkena, udalerrri mailakoa, Usurbilgo Udalak udalbatzan onarturikoa; uztailaren 2a izango da aurtengoan ere, festen ospakizun egun nagusia hain zuzen.

Horrez gain, ordea, beste hiru egun haien jardunean baliogabe izendatzea deklaratu du Usurbilgo Udalak estreinatu berri dugun urte honetarako. Iazko berak izango dira, astelehen honetako, urtarrilaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez. Guztira hiru egun izango dira, denak abenduan; abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 24a eta 31. Iazko egun berak izango dira eta horietan etenda egongo da eguneroko ohiko udal jarduera.

Egun baliogabe horien harira, Udalak GAO bidez ohartarazi duenez, "Usurbilgo Udalaren administrazioarekin zerikusia duen eperen bat, obligazioren bat edo eskubideren bat aipatutako egunetako batean jausiko balitz, epemuga hurrengo egun balioduna izango da".


Jaiegun ofizialen egutegia
Eusko Jaurlaritzari dagokio, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izaten dituen egutegiko jaiegun gehienak izendatzea. 2026. urterako "lan-ondorioetarako baliogabetzat jotzen diren" hamabi jaiegun izendatu zituen Gobernu Kontseiluak iazko udaberri partean. Albiste honetan beherago dituzue.

Horiez gain, beste bi jaiegun izendatzea dagokio herrialde bakoitzari; horietako bat, udalerri bakoitzak erabakitakoa izaten da eta tokian tokiko udalbatzak hautatzen du. Bestea, Gipuzkoa osorako jaieguna izan ohi dena, Lan eta Gizarte Segurantzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariak erabakitzen du. Aipatu ordezkari horrek ematen die, gainera, azken onarpena, udalerri bakoitzak hautaturiko herri mailako jaiegunei.

2026ko egutegiko bi jaiegun horiei lotutako erabakien berri eman zuen,  irailaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Batetik, udalerri bakoitzak hurrengo urterako hautaturiko jaiegunen zerrenda argitaratu zuen eta horri, Gipuzkoa mailan izango dugun jaieguna zein izango den ere zehaztu zuten; uztailaren 31 izango da, orain arte bezalaxe.

Usurbilgo udalerriko jaieguna, aldiz, uztailaren 2a izango da. Hala erabaki zuen udalbatzak maiatza amaieran eginiko osoko bilkuran.

Honenbestez, 2026ko egutegiak jaiegunok izango ditu. Finean, ez da aldaketa handirik. Ohi bezala, Espainiako naziotasunari edota erlijio katolikoari lotutako ospakizunek emango digute jai 2026an ere. Martxoaren 19a jaieguna izatera itzuliko da. Egun horren bueltan nahiz gabonetan izango direnez gain, abendu hasieran zubia egokituko da. 

2026ko jaiegunen egutegia
Urtarrilaren 1a (Urteberri Eguna).
Urtarrilaren 6a (Errege Eguna).
Martxoaren 19a (San Jose Eguna).
Apirilaren 2a (Ostegun Santua).
Apirilaren 3a (Ostiral Santua).
Apirilaren 6a (Pazko bigarrena edo astelehena).
Maiatzaren 1a (Langileen Eguna).
Uztailaren 2a: Usurbilgo jaieguna.
Uztailaren 25a (Santiago Eguna).
Uztailaren 31: Gipuzkoako jaieguna.
Abuztuaren 15a (Jasokunde Eguna).
Urriaren 12a (Espainiako Egun Nazionala).
Abenduaren 8a (Sortzez Garbiaren Eguna).
Abenduaren 25a (Eguberri Eguna).