NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Itzulera" antzezlana dakar Dejabu antzerki konpainiak

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 14a

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" antzezlanak abiaraziko du urtarrilaren 24an.

NOAUA! Kultur Elkarteak hirugarrenez urte hasiera honetarako iragarria du bere Kulturaldia. Bi asteburuetara hedatuko den kultur zikloaren itzulera, izen bereko, "Itzulera" izeneko antzezlanak abiaraziko du urtarrilaren 24an.

Dejabu antzerki konpainiaren sorkuntza lanaz ari gara. "Antzokian ikusleen begibistan eraikitzen den road movie lotsagabe eta psikodelikoa da", egileen esanetan. Zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratzen da lana. Izan ere, hiru antzezleekin batera, "David Aguilar zinegilea dago eszenatokian, irudiak denbora errealean sortuz eta errealizatuz".

Berarekin batera, "Ander Fernandez  konpositoreak sortutako soinu-banda eder eta gogoangarriak, Andoni Mendizabalen argien diseinu iradokitzaileak (Paris, Texas-i keinu eginez) eta Barbara Rassok sortutako jantziteria fantasiazkoak osatzen dute arte eszenikoen eta zinematografikoaren arteko mugak lausotzen dituen proposamen berritzaile hau".

Modu horretan, emanaldi bakoitza bakarra eta ezberdina dela ohartarazi digute, "non publikoa abenturaren parte bihurtzen den".

Mexikora bidaia
Bidaia bat du abiapuntu. "Antzerki konpainia bateko hiru kidek, Ainarak, Urkok eta Mirenek, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen du erritmo biziko komedia existentzial honek". Lanera doaz bertara. "Bizi eta sormen krisian dauden hiru protagonistak, diasporako euskaldunak elkarrizketatzera doaz bidaian, Etxepare Euskal Institutuak emandako beka bati esker". 

Baina ustekabeko gertaera batek egoera erabat aldaraziko die. Ondorioz, "ikuslea deliriozko abentura batean murgilduko du, non ez diren faltako autoen pertsekuzioak, bidaia haluzinogenoak eta bizitza konplikatuko dien chihuahua bat".

Sorkuntza lan hau, "autofikzio moduan idatzia, nortasunaren bilaketa eta gizakion erremediorik gabeko zentzugabekeria azaleratzen ditu antzezlanak, irudi hipnotiko eta ederrez beteta dagoen lan honetan".


Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" emanaldia
Eguna: urtarrilak 24, larunbata.
Ordua:
19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Ideia eta zuzendaritza: Dejabu konpainia.
Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Urko Redondo eta David Aguilar.
Sarrera: 10 eurotan, aldez aurretik usurbilkultura.eus plataforman nahiz NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 8 eurotan, aldez aurretik, kultur elkartearen egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.