"Estatutu propio baten alde" aldarripean, medikuak grebara deitu ditu asteazken eta ostegun honetan, urtarrilaren 14an eta 15ean hurrenez hurren, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak.
Gogoan izan, abenduaren 9tik 12ra grebara deitu zituen medikuak Euskadiko Sendagileen Sindikatuak. Estatu mailan CESMek eta Sindicato Médico Andaluzek eginiko greba deialdiarekin egin zuten bat. Lau egun horietan, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak aurkezturiko Estatutu Markoaren lege aurreproiektuaren kontra eta Estatutu propio baten alde mobilizatu ziren.
Elkargo horrek abenduan gogorarazi zuenez, "mobilizazio horiek egoera jasanezin bati erantzuten diote: herritar guztiek jasotzen duten osasun-arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten lan-baldintza duinen aldeko borroka dira. Medikuen egoera kritikoa da eta osasun publikoak bizi duen egoeraren isla baino ez da: lan-gainkarga, langile-falta, agenda onartezinak eta profesionalen osasuna eta pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen dituen prekarizazio kezkagarria. Hori dela eta, Elkargoak protestekin bat egiten duten profesional guztiei beren babesa eskaini nahi die".
"Presio-neurriak" areagotu beharra
Gerora, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak jakinarazi duenez, "gabon osoan hainbat elkarrizketa izan ditugu CESM (Confederación Española de Sindicatos Médicos) eta SMArekin (Sindicato Médico Andaluz)". Greba Batzordean egon eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin izan beharreko bileretan parte hartzea proposatu zion CESM-ek Euskadiko Sendagileen Sindikatuari, "berdinetik berdinera, aurretik eskatu genuen bezala". Urte amaieran eginiko bileran, "erakunde guztiak bat etorri ginen kolektiboaren eta hura ordezkatzen duten sindikatuen batasuna funtsezkoa dela gure helburua lortzeko".
Horrekin batera, bat egin zuten, "presio-neurriak" areagotzeko beharraren bueltan. "Mobilizazio mugagabea programatzeaz hitz egin genuen. Hala ere, oraindik zehazteke dago hasiera eta formatua".
Ekimen bateratu bat adostu nahi zuten eta horregatik egunotako greba deialdia azken unera arte atzeratu nahian ibili direla dio aipatu sindikatuak. "Sendagileen Sindikatuak, era berean, sor daitezkeen eta helburu komun bat partekatzen duten beste ekimen batzuk babestuko ditu", iragarri dute.
Hauek dira, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak abenduan ezagutzera emandako aldarrikapen nagusiak:
- A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi-mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun-eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
- Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok BORONDATEZKOA eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen 3 urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
- Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da 17 ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
- Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
- Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
- Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik INDEPENDENTEA
- LEPak: Oro har, merezimendu-lehiaketa bidez egingo dira.
- Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku-jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren % 100 zenbatuta.
- Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
- Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
- Lanbide Garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
- BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean 4 baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren % 150 jasoko du gutxienez.
- BAME ordezkaritza: Autonomia-erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.