Usurbil eta Orio artean tren zerbitzua etenda dagoela jakinarazi du Euskotrenek, astearte honetan, urtarrilaren 13an. Antza, iturri beraren arabera, zuhaitz bat erori da trenbidera. Tren zerbitzua etenda egonda, halakoetan egin ohi duten moduan, autobus zerbitzua eskaintzen aritu dira eremu horretan, matxura konpondu arte.
Jada konpondu dutela jakinarazi du Euskotrenek. Honenbestez, tren zerbitzua berrezarri dute Usurbil eta Orio artean.
Tren zerbitzu bereziak
Tren zerbitzuaz ari garela, ospakizun egunetan egin ohi duen moduan, tren zerbitzua indartuko du Euskotrenek, ate joka dugun San Sebastian Egunean. Izan ere, zerbitzu bereziak antolatuko ditu urtero moduan, urtarrilaren 19tik 20rako gauean. "Euskotrenek gaueko tren-zerbitzu berezia eskainiko du San Sebastian Egunean egiten diren joan-etorriak errazteko. Trenak gau osoan ibiliko dira urtarrilaren 19tik 20rako gauean Donostia/San Sebastián (Amara) eta Zumaia artean, eta E2 (Hendaia- Lasarte/Oria–Hendaia) eta E5 (Altza-Amara-Altza) lineetan", jakinarazi du. Usurbildik Donostiara 60 minutuan behin eskainiko dira zerbitzuok.
Hala, astelehenari dagokion moduan, azken zerbitzua 22:54an eskainiko du Donostiarantz eta 22:04an Oriorantz. San Sebastian Eguna tarteko, ordea, gauez tren zerbitzuak etenik gabe eskainiko ditu Euskotrenek Gipuzkoako hiribururantz (23:54an hasita) nahiz Oriorantz (22:50ean hasita), biharamun goizeko ohiko zerbitzuei ekin arte:
-Usurbildik Donostiarantz: 22:54, 23:54, 00:54, 01:54, 02:54, 03:54, 04:54, 06:24...
-Donostitik Usurbilerantz: 21:50, 22:50, 23:50, 00:50, 01:50, 02:50, 03:50, 04:50, 05:20, 05:50...
-Usurbildik Oriorantz: 22:04, 23:04, 00:04, 01:04, 02:04, 03:04, 04:04, 05:04, 05:34, 06:04...
Informazio gehiago jaso daiteke bideotatik:
euskotren.eus
944 333 333