Beñat Lizaso, Astigarragako sagardotegien denboraldi berria abiarazi dutenen artean

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 14a

Sagardoaren Lurraldeak asteazken honetan, urtarrilaren 14ean antolaturiko ekitaldiaren ohorezko gonbidatuak euskal pilota selekzioko kideak izan dira; tartean zen, Beñat Lizaso usurbildarra.

Iaz, udazken honetan gure artean izandako Gure Zirkua izan zen eta aurten, euskal pilota selekzioko kideak izan dira, asteazken honetan, urtarrilaren 14an Astigarragan ospaturiko Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak.

"Uzta berriari ongietorria emateko, eta sagardo berriaz gozatzen hasteko" eguna izaten dute gaurkoa Beterri Buruntzako udalerri horretan. 33. ediziora heldutako ospakizuna prentsaurreko batekin hasi dute bertako Erribera Kulturgunean. Bertan, besteak beste, aurtengo sagarraren uztari nahiz sektore honi lotutako berrikuntzen nondik norakoak azaldu dira. Gero, kulturgunearen atarian sagarrondo bat landatu eta eguneko irudietakoa izan ohi dena berritu dute.

“Gure Sagardo Berria”
Izan ere, Petritegi sagardotegian lehen kupelaren irekiera ekitaldia egin dute. Kupeletik sagardoa edalontzira zerbitzatu eta “Gure Sagardo Berria” oihukatuz ekiten diote ofizialki urtero txotx denboraldiari. Aipatu moduan, norbanako, eragile, elkarte edota erakunderen bat nabarmentzen dute ekitaldi horretan; aurten, euskal pilota selekzioko kideek eman diote hasiera txotx denboraldi berriari.

Albistea lerrootara dakarkigu. Izan ere, ekitaldian parte hartu dutenen artean izan da usurbildar bat; Beñat Lizaso hain zuzen. Txalapartari, txistulari, dantzari eta bertsolariek Petritegi kanpoan lehenik, eta segidan, barruan egin dieten harreraren baitan giroturiko hitzorduan lehen kupela ireki, bertako sagardoa edalontzira zerbitzatu eta edalontzia goratuz oihukatu dute "gure sagardo berria!"; tartean, aipatu moduan, Lizaso usurbildarrak.

Hitzordua zuzenean eskaini du streaming bidez Sagardoaren Lurraldeak Youtuben duen kanalean. Albiste honi atxikitako bideoan duzue Astigarragako ekitaldiko antolatzaileen emanaldia osorik. Bideo horretan, pozarren agertu da Lizaso. Ohoretzat jo du gaurko ekitaldian parte hartzeko jasotako gonbita. "Ilusioz hartu dugu" adierazi du eta euskal selekzio gisa, aurrera begirako erronka nabarmendu du ere;  "ea hurrengo urterako gerra pixka bat ematen dugun nazioartean".