"Gutxieneko pentsioak LGSaren %100era parekatzea eskatzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 15a

2026rako iragarritako pentsioen igoerarekin, "gutxieneko pentsioen arazoa ez konpontzeaz gain, betikotu egiten da" jakinarazi du Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak.

Zortzi urte bete dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua pentsio eta bizimodu duinen alde mobilizatzen hasi zenetik astelehenetan. Oraindik orain, haien aldarri nagusiak ez direla bete jakinarazi du Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak. Izan ere, aurtengorako iragarritako pentsioen igoerarekin, "gutxieneko pentsioen arazoa ez konpontzeaz gain, betikotu egiten da, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) erreferentzia 2/2023 Legearen pobreziaren atalasearekin ordeztean", jakinarazi dute.

Zenbakitan, gogorarazi dutenez, "EAEn 168.966 pentsiodunek eta 51.103k Nafarroan, LGStik beherako diru-sarrerak dituzte".

Testuinguru horretan, egunotako mobilizazioetan "pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eskatzen dugu, eta, horretarako, 2021eko erreformara arte indarrean zegoen konpentsazio-ordainsaria"; laburbilduz, "gutxieneko pentsioak LGSaren %100era parekatzea eskatzen dugu".

"Konpentsazio-mekanismorik" ez
Pentsioetan izandako igoera zenbakitan zehaztu du Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak. %2,7ko igoera aplikatuko zaie orohar 2026an. Aipatu herri mugimenduaren esanetan, "igoera hori 2025eko abenduaren aurreko hamabi hilabeteetako KPIaren bataz bestekoa aplikatzearen emaitza da. Pentsioen eguneratzeak kalkulatzeko KPIaren bariazioak erabiltzea pentsiodunen mugimenduaren konkista handia izan da dudarik gabe, Mariano Rajoyren gobernuek 2013 eta 2017 urte artean aplikatutako %0,25eko PEI (Pentsioen Errebalorizazio Indizea) gorrotatua indargabetzea lortu baikenuen".

Aldiz, ohartarazi dutenez, "auzi hori ez dago behin betiko irabazia, ez baitugu konpentsazio-mekanismorik (2022tik aurrera ezabatutako "paguilla") urte hasieran ezarritako errebalorizazioa baino inflazio-tasa handiagoko balizko kasuei aurre egiteko".


Igoerak zenbakitan
-Igoera orokorra: %2,7.
-Kotizaziopeko gutxieneko pentsioen igoera: %7,7-%11,43 (80.000 pentsio dira guztira Hego Euskal Herrian, pentsio guztien %11. Emakume pentsiodunen %15,7ak eta gizonezkoen %5,3ak jasotzen du).
-65 urte edo gehiago izan eta bakarrik bizi direnen erretiro pentsioen igoera: %7,07. 62 euro hilero, 936 euro guztira (hamalau ordainketa urtean).
-Senideren bat bere kargu dutenen pentsio igoera: %11,4. 1.257 euro 14 ordainsaritan.
-Alarguntza-pentsioa (65 urtetik gorakoen nahiz %65 edo gehiagoko desgaitasunarekin): 936,20 euro, 14 ordainsaritan. Senideren bat bere kargu dutenen kasuan, 1.257 euro hilean, 14 ordainsaritan.
-Zahartzaroko eta elbarritasunetarako nahitaezko prima (SOVI): %7,07 igoko da, 582 euro 14 ordainsaritan.
-Kotizazio gabeko pentsioen igoera: %7,7-%11,43 artekoa.
-Ezintasun pentsioak eta kotizatu gabekoen erretiro-pentsioak: %7,07ko igoera (16.000 lagun inguruk jasotzen du Hego Euskal Herrian. 629 eurokoa izango da aurten, iaz baino 64 euro gehiago).
-Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera (BGDS): %11,4 igo da. 629 eurokoa izango da, 14 ordainsaritan (iaz 7.905,72 eurokoa, aurten 8.803,20 eurokoa).