Herri zaintzaileagoa izateko bidean, herri merkataritzak egunerokoan ehuntzen duen harreman eta zaintza sarea ikusgarri egin eta sendotze bidean, gozoak dastatu ahalko dira hilean bitan. Izan ere, 2024-25 ikasturtean eginiko ekimena berreskuratu zuten azaroaren 7an. "Garai batean antzeko ekimen bat egiten zen jubilatu elkarteei zuzenduta, eta hori berreskuratzeko asmoz abiatu zen, iazko udazkenean, pastelen ekimena".
Hilabeteotan segida izango du egitasmoak herriko establezimenduetan gozook banatzeko ekimenak, "Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu! lelopean", estreinako edizioaren harrera onaren ondotik. Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek prestatutako gozoak herriko establezimenduetara eramaten ditu brigadak, hilean behin txandaka, bezeroek dasta ditzaten.
Ostiral honetan, Laurok liburu-dendan eta Lurda mertzerian izango dira dastagai. Aurten, gainera, zaintza zerbitzuetara ere zabalduko dute ekimena; Eguneko Zentrora (Egurtzegin), Eguneko Arreta zerbitzura (Artzabalen) eta Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzetara.
Sustatzaileen esanetan, "herri zaintzailearen ekimen honek elkarlana du oinarrian: hilean behin, ostiral goiz batean, Usurbilgo OLHko sukaldaritzako ikasleek prestatutako pastelak udal brigadak eramaten ditu aldi bakoitzean egokitzen den establezimendura, bezeroek dasta ditzaten.
2025-2026 ikasturteko egutegia
-Azaroak 21. Eguneko Zentroa.
-Abenduak 12. Lizardi liburu denda eta Arruti harategia.
-Urtarrilak 16. Laurok liburu denda eta Lurda mertzeria.
-Urtarrilak 30. Eguneko Arreta.
-Otsailak 13. Otar-Goxo eta Iratze natur denda.
-Otsailak 27. Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak.
-Martxoak 13. Alkartasuna kooperatiba eta Aizpurua okindegia.
-Martxoak 27. Eguneko Zentroa.
-Apirilak 24. Enar estetika eta Usurbil Optika.
-Maiatzak 8. Esnaola janari denda.
-Maiatzak 22. Eguneko Arreta.
-Ekainak 5. Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak.