12 eta 16 urte bitarteko gazteek, aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, 'Beat-Eroak' rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara Zerbitzuek, honako leloarekin: 'Hitza askatu, erritmoa markatu'.
Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Aurrenekoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die Ødei artistak. Aurreneko saio hori otsailean izango da udalerri guztietan, eta bakoitzaren data zehaztu dute, azpiko koadroan ikusi daitekeenez.
Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan
Tailerraren bigarren saioan, Ødei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Martxoan izango da bigarren saio hori.
Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.
Ødei raperoa ariko da gazteekin batera, bi saioetan. Argazkia: Sabina Hourcade.
Izen-emate epea, urtarrilaren 19tik 31ra
Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte, eta datorren astelehenean zabalduko dute izen-ematea, bi astez: urtarrilaren 19tik 31ra izango da apuntatzeko aukera, euskara.buruntzaldea.eus webgunean bertan.
Egitasmoa 2020 urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain. Ez galdu aukera!
SORTU ZUEN EUSKARAZKO RAP ABESTIA!
Euskarazko rap abesti bat sortzera animatzen?
Aukera ederra izango da zuen kezkak eta intereseko gaiak letretan islatzeko!
Hauxe da Legazpiko gazteek sortu zutena, 'BEAT-EROAK' tailerrean parte hartu zutenean:
Ez gehio ez gutxigo
ez zakil ez alu
utzi ditzagun ba
hainbeste istilu.
Legazpiko gazteak
hemen bildu gara
jasan dugun guztia
zuei kantatzera.
Emakume jaiota
belarritakoak
jarri eta hor daude
estereotipoak.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Goiko karguetara
gizonak gehienak
emakumeak gara
behean gaudenak.
Lan berdina egin eta
soldata desberdin
pairatzen dugun hau
desagertu dadin.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Panpina neskentzako
mutilentzat baloi
hori ez da horrela
ez dute arrazoi.
Berdinak gara denak
neska edo mutil
koloreak, gustoak,
alu edo zakil.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Berdintasuna ez dugu
mundu krudel hontan
lortu beharko dugu
jo ta ke borrokan.
Etxera joateko
ez euki beldurra
denok dakigulako
da bide gogorra.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Rolen kontua ere
apurtu beharko da,
parekidetasuna
gure xedea da.
Inseguritateak
ditugu den-denak
barrua edo kanpoa
gu gara berdinak.
Ez gehio ez gutxigo (...)
Denak gara berdinak
neska edo mutil
onartu dezagun ba
alu edo zakil.
LEHENENGO SAIOA
Odei Barrosorekin, base musikala aukeratu eta rap letrak landuko dituzue.
GORDE ZURE EGUNA!
ANDOAIN Otsailak 19, osteguna
ASTIGARRAGA Otsailak 10, asteartea
HERNANI Otsailak 24, asteartea
LASARTE-ORIA Eguna zehazteke
URNIETA Otsailak 9, astelehena
USURBIL Otsailak 23, astelehena
BIGARREN SAIOA
Odei Barrosorekin eta Telmo Trenorrekin, kanta sortu eta bideoklipa egingo duzue.
GORDE ZURE EGUNA!
ANDOAIN Martxoak 26, osteguna
ASTIGARRAGA Martxoak 5, osteguna
HERNANI Martxoak 12, osteguna
LASARTE-ORIA Eguna zehazteke
URNIETA Martxoak 2, astelehena
USURBIL Martxoak 9, astelehena
"Nahiko modu errazean hasi daiteke rapa praktikatzen, koaderno eta boligrafo batekin"
Ezkerrean, Ødei, kontzertu batean. Argazkia: Sabina Hourcade. Eskubitara, Telmo Trenor, musika sortzen.
Odei Barroso eta Telmo Trenor ariko dira 'Beat-Eroak' tailerrean, gazteekin batera, raparen oinarriak azaldu eta abestiak sortzen. Ibilbide oparoa egin dute biek, eta gazte guztiak animatu dituzte tailerrera.
'Beat-eroak' tailerra eskainiko duzue Buruntzaldeko herrietan, Telmo Trenorrekin batera. Zer egingo duzue tailer horretan? Zer ikasiko dute bertaratuek?
Odei: Helburua izango da rap estiloko abesti bat idaztea eta hura grabatzea. Bi etapa izango ditu ikastaroak. Nirekin bi orduz egongo dira gazteak, sorkuntza lana egiten. Joango naiz Telmok egindako base instrumental batzuekin, eta beraiekin raparen oinarriak, nola idazten den, errimaren garrantzia... landuko dugu. Oinarriak barneratuko dituzte, eta hasiko dira praktikara eramaten. Taldeetan jarrita, kopla batzuk sortuko dituzte. Eta azkeneko pausoa izango da sortutako abesti hori Telmorekin batera grabatzea.
Telmo: Hori da, tailer hauetan rap kantu bat osatzen saiatuko gara. Azken finean, raparen kultura eta ekoizpenera gazteek lehen hurbilketa bat egiteko tailer bat da, eurek espresio bide berri bat eduki eta ezagutu dezaten.
Rap tailerra da, euskaraz. Nolakoa da euskarazko rapa eta zein berezitasun dauzka? Oraindik ere gutxi landutako estiloa da gure hizkuntzan...
Odei: Bai, rapa bere hutsean gure herrian gutxi landu den estiloa da. Gazteek gero eta gehiago jotzen dute 'urbano' deitzen duten horretara, baina rapetik pasa gabe, oraindik herren dabil belaunaldi berrietan ere. Beraz, aski gutxi landu den estiloa da rapa Euskal Herrian. Baina rapeatzen duzularik, zuri dagokizu flowa, testua jartzeko modua, errimak, mezua, eta edukia eta formaren arteko borroka horretan murgiltzea. Euskara erabili liteke rapa egiteko, beste edozein hizkuntzatan posible den bezalaxe. Maiz ezarri zaio euskarari gurutze bat, euskaraz ezin dela rapa egin. Baina denborarekin ezabatu dira oinarririk gabeko aurreiritzi horiek.
Telmo: Garai batean konparaketa handiak egiten ziren, euskaraz eginiko rapa, gazteleraz eginikoa, ingelesez edo frantsezez… Nire ustez rapa rapa da, literatura literatura den bezela. Ona edo txarra izan daiteke, baina hori ez da hizkuntzaren araberakoa izaten. Euskal rapa orain urte luze hasitako mugimendua da eta beti egon da bazterreko kontu bat bezela. Baina orain urte batzuk, pandemiaren ostean gutxi gorabehera, gorakada nabarmena izan duela esango nuke. Chill Mafiak izandako boom horrek konplexu asko kendu zituen zentzu horretan. Gaur egun oso osasuntsu dagoen generoa dela esango nuke, eta euskaraz rapa edota orain horrenbeste entzuten dugun genero 'urbano' hori egiten erreferente ugari daudela. Odei bera, adibidez.
Zuek ibilbide luzea egin duzue raparen munduan. Zerk erakarri zintuzten?
Odei: Ni haurra nintzela hasi nintzen rapa entzuten. Ipar Euskal Herrian rap kultura handia dago. Maite nuen estilo hori, eta 2000 urtean Selektah kolektiboa deskubritu nuen. Horrek eraman ninduen euskarazko raparekin lotzera, lehenagotik frantsesez egiten bainuen. Eta asko motibatu ninduen nirea sortzera.
Telmo: Rapa espresio bide bat besterik ez da, eta ematen dizuna hori da hain zuzen. Esateko duzun hori era artistiko, poetiko edo behintzat ezberdin batean esateko aukera. Gainera, nahiko modu zuzen eta errazean hasi daiteke praktikatzen, ezagutza tekniko gehiegirik gabe, eta koaderno eta boligrafo bat nahikoa dira hasteko.
Nola bizi izan duzue zuen ibilbidea raparen inguruan?
Telmo: Nire kasuan, rapa idazten hasi banintzen ere, urteak daramatzat ekoizpenaren munduan murgildurik. Hor topatu nuen nik nire gustuko bidea edo buruan nituen ideia horiek espresatzeko bide zuzenena. 2015 urtean kaleratu nuen nire lehen disko instrumentala, rapetik kanpo, musika elektronikoaren mundutik gertuago… Baina, dudarik gabe, raparen background hori oso presente dut ekoizpen guztietan, hori izan baita nire eskola artistikoa.
Odei: Niretzat ez da bide erraza izan, bereziki hasieran. Rapa ez zen biziki estilo onartua, Euskal Herrian rocka eta punka ziren bezala. Gure lekua ezin aurkitu ibili gara urteetan, korronteen kontra.
Zure kasuan, Odei, bertsolaritza eta rapa uztartu dituzu. Zein antzekotasun dauzkate?
Odei: Antzekotasun nagusia da hizkuntzarekin jolastea direla bata zein bestea. Errimaren bilaketa, testua, forma eta edukiaren arteko jolasa, hizkuntzarekin egiten duguna. Dena den, maiz esan dut bi mundu direla. Bertsoak egiten jakiteak ez zaitu rapero on bilakatuko, eta rapa ondo egiteak ez zaitu bertsolari bilakatzen. Oso kode ezberdinak dauzkate. Nolabait esateko, bata da abestutako poesia, eta bestea musika.
Gazteen artean euskara sustatzea du helburu tailerrak. Zein neurritan lagundu dezake horretan?
Telmo: Rapean, hizkuntzak, hitzek, esaten den horrek eta batez ere esateko moduak, berebiziko garrantzia dutela iruditzen zait. Rapa euskaraz egitea, hizkuntza berarentzat aberasgarri izateaz gain, euskararen hedapenerako baliabide izan daiteke zalantzarik gabe, ikuspuntu ezberdin eta fresko batetik gainera.
Odei: Denak laguntzen du euskararen sustapenean. Rapa euskaraz egiteak, euskaraz beste edozein tailer egiteak edota kalean euskaraz bizitzeak. Tailer honek eskainiko du eremu bat eta tresna berri bat, hizkuntzaren bitartez sortzen dena, gauzak adierazteko eta esateko, identifikagarriagoa izan daitekeena gazteentzat. Rapa gauza 'modernoagoa' da, beraien errealitatetik hurbilago dagoena, eta horrek indartzen du identifikatuta sentitzea. Hurbileko sentitzen dugunean da eraginkorra.
Gazteei zuzendutako saioak izango dira, baina nolako gazteak izango dira bereziki gozatuko dutenak tailerraz?
Odei: Orain arte egin ditudan tailerretan, orotariko perfilak izan ditut, eta batzuetan harritu egiten zara. Uste duzu euskararen indargune den leku batean sekulako harrera izango dela, eta ohartzen zara gazte horiek urrun xamar harrapatzen dituela. Eta aldiz, euskara hain indartsu ez dagoen herri bateko tailerrean, partehartze handiarekin, askoz ere lorpen handiagoak izan daitezke, gazteen inplikazioari, gogoari eta motibazioari begira. Ez dago perfil jakin bat tailer hauetaz gozatzeko, edonork gozatu lezake.
Telmo: Edozein gazteri dago zuzendua tailerra, ateak zabalik ditugu rap mundura hurbilketa txiki bat egin nahi duenarentzat, dagoeneko bere gauzak egiten dabilenarentzat, probatu nahi duenarentzat… Denak dira ongi etorriak, eta ziur denek gozatuko dutela era batera edo bestera.
Lehenago ere eskaini dituzue antzeko tailerrak. Nolako harrera izan dute gazteen artean?
Odei: Biziki-biziki ona izan da harrera. Nik maite dut gazteekin aritzea lanean. Egiten duzuna baino, beraiekin lortzen duzun konexioa da garrantzitsuena. Rapa bera baino, beraiei helaraztea nola erabiltzen duzun. Oso giro ona izaten da saio horietan, gazteek parte hartzen dute, ondo pasatzen dute. Eta hori da helburua, ahalik eta gehien identifikatuta sentitzea. Berdinetik berdinera, buruz buru aritzen gara sortzen, elkarrekin, eta giro eder bat pizten da saioetan.
Telmo: 'Beat-Eroak' ekimenaren baitan, lehenago ere Legazpin eta Urretxu-Zumarragan egin genituen tailerrak, 2021 urtean, eta esperientzia polita izan zen.
Rapa euskaraz egiten hasi nahi duten gazteei, zer gomendatuko zeniekete?
Odei: Ni ez naiz nor aholkuak emateko, baina nire iritzia nahi badute, esango nieke sortu dezatela, eta jarraitu dezatela sortzen inguruari begiratu gabe. Beren bidean aurrera egin dezatela. Ekitea bera bada aurrera egitea, eta ekinez lortzen dira gauzak, baita rapean ere.
Telmo: Gomendatuko nieke direna izatea, diren bezala azaltzea, egiten dutena egiten dutela. Rapa egin, margotu, idatzi, musika entzun… edo dena delakoa, baina beti barruko ahots hori bilatuz eta itxurarik egin gabe.

