Grafika horretan dituzue emaitzak, hortxe botoen gehiengoak (%50,4ak) erabakitakoa. Munduko festak izango dira, hilabete barru, otsailaren 14an egingo den inauteri festarako hautaturiko mozorrotzeko gaia. Askotariko sorterrietako usadio, tradizio, festa, bizipen, pasadizo eta ospakizunen plaza izateko gonbita egina dago, beraz, NOAUA! Kultur Elkartetik. Gonbita halere, zuena da. Izan ere, aste hasieratik web orrialde honetan bertan martxan izan den inkestan parte hartutakook erabaki duzue, aurtengo inauterietarako mozorrotzeko gaia.
Urte amaieratik hasita, iragan astera arte zuen proposamenak bildu ostean, hiru izan dira hautaketa prozesu honen azken txanpara sailkatu zirenak. Hiru horietatik baten alde egiteko aukera izan duzue aste hasieratik, ostiral goiz honetara arte, urtarrilaren 16ra arte.
Hiru gaiotatik bi oso paretsu, hainbat uneetan boto kopuru aldetik berdinduta izan dira. Azkenean, ordea, inkesta hau itxi dugun unean (itxi dugun momentuko argazkia duzue albiste honi erantsi dioguna), hauek dira jaso ahal izan ditugun emaitzak:
-Zure bizitzako ikonoak: 489 boto (botoen %48,2).
-Gatsby Handia (1920ko hamarkada): 14 boto (botoen %1,4).
-Munduko festak (Feria de Abril, Castellers, October Fest...): 512 boto (botoen %50,4).
Boto kopurua guztira: 1.015.
Lehia estua izan duten bi gaion artean gailendu dena, inkesta hau ixterakoan, "munduko festak" izan dira botoen %50,4arekin. Botoen %48,2a jaso du "zure bizitzako ikonoak" gaiak.
Hortxe, beraz, otsailaren 14ko inauteri festarako proposaturiko gaia. Hortik aurrerakoak zuen esku. Prestaketa lanak bideratzeko atzerako kontaketa martxan da jada.
Milesker, gaia hautatzeko prozesu honetan, mozorrotzeko aitzakiak proposatu nahiz inkestan parte hartzeko tartea hartu duzuen guztioi!
Aurreko Inauteri Festetan hautaturiko gaiak
2026/02/14: munduko festak.
2025: Superheroiak.
2024: Fauna.
2023: Filmak.
2022: Gai librean.
2021: Ez zen antolatu.
2020: Dantza.
2019: Jolasak.
2018: Ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: Lanbideak.
2015: Ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: Musika.
2012: Mitologia.
2011: Itsasoa.
2010: Zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: Xomorroak.
2007: Brasil.
2006: Marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: Munduko kulturak.
2002: Extralurtarrak.
