"Hausnarketa nahiko jasoak ditu baina oso kode informalean"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 16a

Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, 1990) Infinitu Dramako kidea da eta "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" antzezlaneko aktorea da, Maiana Etxeberrirekin batera. Antzezlanak Donostiako Poltsikoko antzerki saria jaso zuen, eta bihar emanaldia dute Pelaionean arratsaldeko 19:00etan. Horrez gain, "Promesarik txikiena" antzezlaneko aktore ere bada.

Antzezlan honen mamia azalduko al diguzu?


Laguntasunaren inguruan hausnartzen duen antzezlana da. Duela hiru urte hasi zuen bere ibilbidea. Lau lagun elkartu ginen laguntasunaren inguruko hamar eguneko egonaldi bat egiteko. Helburu konkreturik gabe bildu ginen antzezlana sortzeko. Bertan atera ziren testua eta irudia. Antzerkia laburra da, formatu txikikoa, eta batez ere, antzoki txikietan egiteko da.


Zergatik laguntasunaren inguruko antzezlan bat?


Alde batetik, laguntasuna jopuntuan egon da gai sozial eta politiko bezala. Laguntasuna desiratutako harreman mota bat izan da erlazionatzeko aukera bezala.
Eta bestetik, asko proiektatu genuen lagunarte oso kolektiboetan, eta kolpe asko jaso genituen. Nik pentsatzen dut horren abiapuntuan badagoela min bat edo ezintasun bat, ideia politiko batzuk eta nahi pertsonal batzuk aurrera eramateko. Onartzen dut hasi nuenean bazegoela nahi pertsonal bat edo porrot bat, eta aldi berean laguntasunaren inguruko hausnarketa bat egin nahi nuen.


Ikusleek ere parte hartzen al dute ikuskizunean?


Bai. Eszenatokian bi aktoreek ospakizun berezi kolektibo bat antolatzen dute, eta publikoari proposatzen diote ospakizun horretan parte hartzea. Antzezlana laguntasun harreman batean egituratzen da, hasieratik bukaerara: lehengo aurkezpen bat dago, elkar ezagutze bat, gero zalantzak, galderak eta gatazkak datoz, eta bukatzeko adiskidetzea dago.


Nolako harrera izan du antzezlanak?

Ona, oso ona. Hausnarketa nahiko jasoak ditu, baina oso kode informalean. Lagunarteko eztabaida formatuan da, eta ikusleak ere inplikatzen ditugu. Umore asko du, baita patetismoa ere, biluzik gelditzen gara, eta gure akatsez barre egiten dugu. Horrek ikusleekin konexioa sortzen du.

Umorea, drama... "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" antzezlana zein estilokoa dela esango zenuke?


Umoreak presentzia handia dauka, testua oso zaindua dago eta poesia bat dago; eta kodea oso performatiboa da. Nahasketa bat da, drama bat izan daiteke, baina umorezkoa da gehien bat.


Zergatik gomendatuko zenuke antzezlana?


Segur aski momentu on bat pasako duelako. Lagunekin dituen korapilo horiek identifikatzeko aukera izango du, eta horietan barre egin dezake. Espero ez duen galderaren bat ere aurkituko du, eta laguntasunaren inguruan hausnartzeko aukera bat delako, ez maila indibidualean, taldean baizik.