Eskualdekako lehiarekin ekingo zaio Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketari

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 19a

Hirugarrenez, maiatzera bitarte, Gipuzkoan barrena jokatuko den Herriarteko Txapelketa antolatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Eskualdeka eta taldeka bideratuko da ekimena orain hasi eta maiatza amaierara arte.

2026an sartzearekin batera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa jokatuko den urtean barneratu gara. Irailean hasiko da eta finala, abenduaren 20an jokatuko da, Nafarroa Arenan hain zuzen. Guztira 42 bertsolari lehiatuko dira, aurreko edizioan baino sei gehiago. Zazpi lurraldeetara hedatuko den lehen faseak ere, saio bat gehiago izango du, zazpi guztira.

Txapelketa hau aurrez girotuko duen ekimenik izango da aurtengoan. Izan ere, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen sustapen batzordeak Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketa antolatu du. Asteburuan, Amasa-Villabonan eginiko aurkezpen agerraldian iragarri dutenez, guztira ehun bat saio egingo dira herrialdean barrena. Eskualde barruko nahiz eskualdeen arteko taldekako lehia izango da. Lehiatuko den eskualdeen artean da, Usurbil barne hartzen duen Buruntzaldea.

"Saioen antolakuntza eta konbinaketa egiteko garaian antolakuntzak hurbiltasuna lehenetsi du, tokiko edo eskualdeko giroa indartzeko. Hala, lehen fasean saioak eskualde bereko taldeen artean jokatuko dira. Eskualde bakoitzeko irabazle bat aterako da hortik eta bigarren fasean, elkarren ondoko eskualdeen artean izango dira saioak. Ondoren finalerdiak eta finala etorriko dira".

Antolatzaileek zehaztu dutenez, "talde bakoitzak bost partaide izango ditu, gutxienez. Hiru bertsolari: saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute, baina taldean kide gehiago ere izan daitezke. Gai jartzaile eta epaile bana ere izan beharko dute taldeek. Eta ordezkari bat ere badute bilketa, komunikazio edo antolaketa lanak egiteko".

Saretu eta elikatzea, xede
Egutegiari erreparatuta, finaleko saioa noiz izango den zehaztu dute; maiatzaren 30ean jokatuko da Aian. Aurrez, lehen fasekoak orain hasi eta martxoa amaierara arte. Tarte horretan, "bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatuko dira Gipuzkoako geografia guztian zehar. Saio hauek antolatzeko talde parte hartzaileek elkarlana egin beharko dute herrietako beste eragileekin, hala nola, elkarteekin, komertzio nahiz tabernekin, kultur etxeekin, udalekin…". Eskualde bakoitza izango da fase horren sortzaile eta arduraduna. Horretarako eremu bakoitzean talde antolatzaileak osatu dituzte. "Elkarren arteko lankidetzan sortu eta antolatuko dira faseak".

Bigarren faseko saioak apirileko bigarren hamabostaldian jokatuko dira. Finalaurrekoak maiatzeko lehen hamabostaldian eta hilabete berean, finala Aian. "Finalaren egunak lehen fasearen esentzia mantendu nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko da. Finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa izan nahi du egun honek, elkargunea". 

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, "bertso eskolen arteko saretzea eragingo duen txapelketa izatea" nahi dute, baita "bertso ekosistema osoa elikatuko duen txapelketa" ere; hala nola, "bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, antolatzaileak, bertsozaleak….". Horrekin batera, "generoaren ikuspegitik emakume eta genero disidenteen nahiz belaunaldi eta adin ezberdinetako pertsonen parte hartzea" sustatu nahi dute edota "gutxi kantatzen duten horiek erakartzea eta plazen nolakotasuna aniztea, besteak beste". 

200 bertsolari, 57 talde
Ekimen hau martxan jarri orduko izandako arrakasta ere goraipatu dute antolatzaileek. "Herrialde bateko 350 lagun bertsoaren bueltako dinamikan jartzea, 57 taldeetan". Zenbaki gehiago. "Talde bakoitzak gutxienez hiru bertsolari ditu, beraz, 200 bertsolari inguru ariko dira kantuan Herriartekoan zahar; 57 gai-jartzaile, beste hainbeste epaile eta antolatzaile".

Zenbakiokin, iragarri dutenez, "Gipuzkoako eskualde guztietan izango dira taldeak: Donostia, Oarso-Bidasoa (Irun-Oiartzun ingurua), Urola (Azpeitia ingurua) , Urola kosta (Zarautz ingurua), Debabarrena (Eibar ingurua), Debagoiena (Oñati, Arrasate...) Goierri (Beasain...), Tolosaldea eta Buruntzaldea (Hernanin ingurua)".

Lehen aldiz
Parte hartzean izango den handitzea ez da edizio honetan gertatukoa soilik. Herriartekoa antolatzen duten hirugarren aldia izango da 2026koa. Aurreko bi edizioak 1999an eta 2017an antolatu zituzten. 27 talde izan ziren 1999an, 38 2017an eta 57 izango dira aurtengoan, antolatzaileek plazaraturiko datuen arabera. "Aurten, gainera, parte hartuko duten 40 bertsolarik lehen aldiz kantatuko dute plazan. Mende laurdeneko bide honetan, belaunaldiartetasuna eta plazan dabilzan bertsolarien kopurua da apaldu dena Herriartekoan. Lehen edizio hartan, plazako ia bertsolari guztiek hartu zuten parte eta baita belaunaldi zaharrenak ere", oroitarazi du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketaren fasekako egutegia zehaztu dute jada. Saiook herrika noiz eta non izango diren asteotan joango dira zehazten. Antolaketa lanetan "hamaika laguneko lan-taldea ari da: Agin Laburu Rezola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Andoni Rekondo Izagirre, Aner Peritz Manterola, Eneko Beretxinaga Laskurain, Eneritz Artetxe Eizagirre, Emaitz Murua Arzallus, Imanol Artola Arretxe, Maider Arregi Markuleta eta Beñat Azaldegi Lakuntza. Horrez gain, talde bakoitzeko antolatzaileek bideratzen dute saioen antolaketa".

Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketa
Urtarrilak 18-martxoak 28: 1.fasea, eskualdeka
Donostia+Oarso-Bidasoa
Urola
Urola Kosta
Debabarrena
Debagoiena
Goierri
Tolosaldea
Buruntzaldea

Apirilak 16-25: 2. fasea, azpi eskualdeka
Aurreko faseko eskualde bakoitzeko talde irabazlea sailkatuko da fase honetarako:
Apirilak 16: Tolosaldea-Goierri.
Apirilak 18: Urola-Urola Kosta.
Apiriak 23: Buruntzaldea-Donostia/Oarso.
Apirilak 25: Debabarrena-Debagoiena.

Maiatzak 9-16: finalaurrekoak
Bigarren fasean nagusitutako lau talde sailkatuko dira finalaurrekoetarako:
Maiatzak 9: 1. eta 4. saioko irabazleak.
Maiatzak 16: 2. eta 3. saioko irabazleak.

Maiatzak 30: finala
Aiako probalekuan, bertso-bazkari erraldoi baten bueltan.

Azken faseetarako txartelak, martxotik aurrera salgai bertsosarrerak.eus atarian.

Informazio gehiago eta txapelketaren jarraipena:
bertsozale.eus